GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Luis Fabianok Sevillan jarraituko du 2013 arte

p034_f02_088x088.jpg

GARA | DONOSTIA

Udako polemika handienetako bat itxi zuen atzo Sevillak. Izan ere, talde andaluziarrak Luis Fabiano aurrelari brasildarrari bi urterako luzatu dio kontratua, 2013ko ekainaren 30a arte, hain zuzen ere.

Denboraldi-aurrean Marseillako Olympiquek Luis Fabiano nahi zuela zabaldu da, baina talde frantsesak ez zituen Sevillak eskatzen zituen 18 milioi euroko kopurua ordaindu.

Kontratu berria sinatu eta gero, honakoa adierazi zuen aurrelariak: «Nire etxea da hau. Sei urte daramatzat jada eta golak sartzen ahaleginduko naiz, Sevillarentzat historia egiten jarraitu... Oso egun berezia da niretzat».

Luzapenaren inguruan honakoa gaineratu zuen: «Nire lehen aukera Sevillarekin berritzea zen. Eskaintza ugariri eta nigan interesa zuten talde ugariri ezetza eman diet». Sevillaren aldeko hitzak ez ziren hor amaitu: «Sevillak dena eman dit. Hona iritsi nintzenean jendeak ez zuen nigan konfiantza handirik, aurreko bi taldeetan ez baitziren gauzak oso ondo atera, baina hemen nengoela, selekziora [Brasilgora] bueltatu naiz, titulu asko irabazi ditut... Asko zor diot Sevillari, egia da».

Brasildarra, Oporto taldea utzi, eta 2005eko udan iritsi zen Sevillara. Ordutik hona, 95 gol sartu ditu neurketa ofizialetan, eta bi Kopa, bi UEFA, Europako Superkopa bat eta Espainiako beste Superkopa bat irabazi ditu.

Mascherano, aurkeztuta

Bestalde, udak utzi duen beste eztabaida bati ere amaiera eman zitzaion atzo, osasun probak gainditu, Bartzelonako jokalari gisa aurkeztu eta bere lehen prentsaurrekoa eskaini baitzuen Javier Mascherano argentinarrak.

Ricard Pruna Bartzelonako medikuak aipatu zuenez, Mascheranok esfortzu-proba «bikaina» egin zuen, eta horrek esan nahi du jokalariak «oso ezaugarri fisiko onak dituela».

Trezeguet, Alacanten jada

Ligako fitxaketekin jarraituz, Espanyolek Duscher fitxatu duela baieztatu zuen. Erdilari argentinarra Sevillatik dator eta urte batez fitxatuko du Bartzelonako taldearekin. Talde andaluziarrak, ordea, Bartzelonatik datorren Martin Caceres atzelaria aurkeztu zuen, osasun probak egin eta gero, katalanek utzita.

Halaber, Herculesek Juventusetik datorren David Trezeguet aurrelari frantsesa aurkeztu zuen, bi urterako kontratua sinatu duen jokalaria. «Alacanten egoteagatik oso pozik» dagoela eta Ligan jokatzea «amets handia» dela nabarmendu zuen: «Txapelketa hau ezagutu nahi nuen. Helburu garrantzitsua zen nire ibilbide profesionalean».

Aurrelariak badaki Hercules zein egoeratan dagoen eta bertan jokatzea, orain arte bizitakoaren aldean, ezberdina izango dela: «Nire helburu nagusiak jokatzea, nire ezaugarriak erakustea eta handitu nahi duen talde bati nire esperientzia eskaintzea da».

Nazioarteko futbolari dagokionez, Werder Bremen talde alemaniarrak Arsenaletik datorren Mikael Silvestre jokalari frantsesa fitxatu du bi urterako. Gainera, Herbehereekin jokatuko du berriro ere Van Nistelrooy aurrelariak, bi urtez selekziotik kanpo egon eta gero. Hiru gol egin ditu jada Bundesligako lehen bi jardunaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo