GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

«Jefe inda hao!»

Markel IRIZAR | Txirrindularia

Esprinterrentzako aproposak diren etapa beroak dira nagusi lasterketaren lehen aste honetan. Enbidia puntu batekin nago telebistaren beste aldean, baina egun batzuk etxetik kanpo egin eta gero, berriz ere, etxeko goxotasunetik idazten dizuet, eta hori beti da atsegina.

Izugarrizko aste polita pasa dugu Frantzia aldean. Aurreneko garaipena lortzeaz gain, giro ezin hobean, nahikoa barre eta algara egin dugu. Baina dena izugarri polita zen arren, etxeratzea beti da polita, eta are gehiago lagunek eta familiak egin didaten harrera beroarekin. Eta gero, nire lagun Ametsek idatzitako zutabea irakurtzeak, izugarrizko irribarrea jarri dit aurpegian.

Azken asteotan izandako gorputzaldi onaren arrazoietariko bat, Pirinioetan egindako entrenamenduetan oinarrituta dagoela uste dut. Bertan oporretan egon zaretenok, ikusiko zenituzten pare bat Radio Shack bide ertzean entrenatzen, baina baita noizean behin Euskalteleko maillot laranja ere. Bai, hala da, gure Txurruk, Pirinioetako haizeak on egin zigula ikusita, bertara gerturatu eta gurekin saio batzuk egin zituen. Bertan, gurekin entrenatzen zuen lagun batek, giro onean eta gustura zebilenean, batari nahiz besteari «Jefe inda hao!» oihukatzen zion etengabe. Makina bat barre egin zituen gure Ametsek, eta ziur nago oroitzapen goxoak ekarriko dizkiola esaldi horrek.

Ba, orain, Arrasateko lasaitasunetik, Andaluzia aldean ia urtu beharrean dagoen lagunari, horixe bera esan nahi diot. Etapa garaipen bat, ihesaldi saio batzuk, edo dena delakoa, Txurru, hi be, «JEFE INDA HAO!»

Zorte on eta oso-osorik bueltatu, e!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo