Munduan lehen emakumea; zorionak Edurne!
Hego Koreako mendi federazioak Oh Eun-Sun mendizalearen Kanchenjungako igoera ez du ontzat hartu, eta erronka bete duen frogarik erakutsi ez duenez, haren hamalau gailurrak zalantzan jarri ditu. Horrenbestez, Edurne Pasaban mendizale tolosarra bilakatu da munduan hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea. Hori guztiz baieztatuta ez badago ere eta ziur asko oraindik ere zalapartarik izango den arren, mundu mailan hego korearrak lortu zuen onespena pitzatu da dagoeneko. Hipotesien eta zalantzen dantzak luze iraungo du. Polemika hauek mendizaletasunari zenbaterainoko mesedea egiten dioten ikusteko dago, are Edurne Pasabanek hartutako bideak eta bere buruari jarritako erronkak mendizale guztien oniritzia bildu ez duenean. Lehiakortasunak, babesleekiko mendekotasunak, mendia ikuskizunarekin lotu izanak eta gisakoek harrotu dituzte mendi txangoen osteko salda berotan makina bat hizketaldi. Edonola ere, Pasabanek bere aukera egin du, baita lortu ere. Euskaldunontzat berri pozgarria da. Eta berri onen beharra duen herri honentzat, gure herrikide bat munduan horrelako marka lortzen duen lehen emakumea izatea ederra da. Euskaldun gisara poztu egiten gara, emakumearen aurrerabidean ekarpen berri bat da eta kirolari moduan egin duen balentria aitortu besterik ez dago. Zorionak Edurne!