GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA

Ezkurrak garaipena behar du Galarretan

GARA | DONOSTIA

Koteto Ezkurrak esku-eskura dauka Buruz Buruko Txapelketako finala. Doneztebeko aurrelari bikainak gaur arratsaldean jokatuko du finalerdietako bigarren eta azken partida Galarretan (17.00) Matxin IV.aren aurka, eta garaipena lortu beharra dauka final handian sartzeko.

Casino Kursaal Torneoa bederatzi aldiz irabazi duen pilotaria irabazteko faborito argia da, Matxin IV.a oso pilotari gaztea eta goi mailara iritsi berria baita. Erreferentzia modura, Urrutiaren aurka jaso zuen porrota har daiteke, 30 eta 12ko emaitza argiarekin bukatu zen norgehiagoka.

Hala ere, ezustean gaur Matxinek garaipena lortuko balu, abantaila Miguel Mari Urrutiarentzat izango litzateke, tantoak kontuan izanda, berak lortuko bailuke ligaxkako lehen postua. Azken bi urteetako irabazlea ere, beraz, adi egongo da gaur zer gertatzen den ikusteko.

Azkenik, eta balizko aukera guztiak aipatze aldera, Matxin IV.ak ere izango luke finalean egoteko aukera txiki bat. Horretarako, 30 eta 0 menderatu beharko luke gaur Koteto Ezkurra. Ulertzekoa den bezala, zaleek ezinezkotzat jo dute gisa horretako gertaerarik, eta batere presiorik gabe ateratzeko aukera izango du Matxinek Hernaniko kantxara.