GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urumeako autobideko Martutene-Amara zatia inauguratu dute Donostian

Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek Urumeako autobideko Martutene-Amara zatia zabaldu zuten atzo. Bide berria eraikitzeko lanetan aurkitutako Gerra Zibileko hiru gorpuak gogoan izan zituzten.

p17_f01.jpg

Yuri AGIRRE | DONOSTIA

Urumeako autobidearen Martutene eta Amara arteko zatia ireki zuten atzo Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek. Zabaldu berri den errepidearen bidez Urumeako autobidea hiriaren erdigunera sartuko da. Inaugurazio ekitaldian, instituzioetako ordezkariek langileek autobia eraikitzen ari zirela aurkitu zituzten Gerra Zibileko hiru gorpuak izan zituzten gogoan.

Irekiera ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Azpiegitura diputatuak, Jorge Letamendia Donostiako Udaleko hirigintza zinegotziak eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar nagusietako presidenteak hartu zuten parte. Eneko Goiak «azkenean» azpiegitura honen irekiera eguna iritsi dela adierazi zuen. Gainera, autobidea irekitzea «asko kostatu» dela azaldu zuen, «oso lur zaila baita inguruotakoa, eta eraikitze lanetan oztopo ugari aurkitu dituztelako». Hala ere, «oztopo guztiak arrakastaz gainditu» direla azaldu zuen diputatuak.

Markel Olano ahaldun nagusiak, berriz, Gipuzkoako errepideak jasaten ari diren «eraldaketak» nabarmendu nahi izan zituen. Ahaldun nagusiak Urumeako autobideak N-1eko zirkulazio dentsitate handiena duen zatiari egunero 30.000 ibilgailu kenduko dizkiola esan zuen.

Ekitaldian erakundeetako ordezkariek hitza hartu aurretik, hiru lore sorta utzi zituzten Zorroagako tunelaren parean. Izan ere, autobidea eraikitzen ari zirela Gerra Zibilean hildako hiru lagunen gorpuak aurkitu zituzten langileek.

Efe albiste agentziak aditzera eman zuenez, Gipuzkoako Aldundiak 46 milioi euro gastatu ditu Urumeako autobidea eraikitzen. Lan gehien, berriz, Zorroagako tunelak eman du, 570 metro luzeko tunelak. Ireki berri den GI-41 errepideak GI-40rekin (Intxaurrondo-Ospitaleak saihesbidea), AP-8rekin (Donostiako bigarren gerrikoa) eta N-1ekin (Andoainen) loturak izango ditu.

Oinez nahiz bizikletaz

Asteburuan, berriz, GI-41 errepidea oinez nahiz bizikletaz probatzeko aukera izan zen. Ehunka lagun ibili ziren 1,4 km-ko luzera duen zati horretan.

Urumeako autobidea amaitzeko, Andoaingo saihesbidea egitea eta Hernanikoa zabaltzea falta da. Lehendabizikoa, datorren urteko hasierako hilabeteetan amaitzea espero da. Hernaniko saihesbidea zabaltzeko lanak, berriz, aurten hasiko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo