Aski ez balute bezala, langabezia saria ere txikitu
Noizbehinka, Madrilgo Gobernuko kideren batek errenta handienek gehiago ordaindu beharko luketela esaten du, beharbada Gobernu espainolean alderdi sozialista bat dagoela gogorarazteko. Baina horretarako baino ez. Atzo Lan eta Immigrazio ministro Celestino Corbachok gauza bera errepikatu zuen, baina ez zuen iragarri errenta handiei zergak emendatzeko asmoa, langabezia-saria beheratzekoa baizik. Defizit publikoari aurre egiteko lehen neurrien ondoren, lan erreformaren ondoren eta erreforma hori Senatutik are gogorrago atera ondoren. Ez omen da berehalakoan aldaketarik izango, baina bai epe ertainean, ekonomiaren hazkundea berriro abiatzen denean, hain zuzen. Hartara, ekonomiaren egoera kaskarra denean, langileen, pentsiodunen, behartsuenen zama areagotu egin dute, eta egoera hobetzen hasten denean, zama hori areagotzeko asmoa agertu dute. Errenta handiek zerga «zuzenagoak» ordaintzea, bitartean, noizbehinkako adierazpenetarako gordetzen dute, bitxikeria gisa.
Atzo, halaber, Gizarte Segurantzak sei milatik gora milioiko superabitari eusten diola jakinarazi zuten. Krisialdi betean, lau milioitik gora langabez arduratu behar duenean, sistema horrek bere sendotasuna erakutsi badu ere, Madrilgo Gobernuari bideraezina iruditzen zaio eta aldatu egin behar dela dio. Noren mesedetarako?