Lander Garro Idazlea
Akademiak
Iraila iritsi da eta ez dakizu zer egin, ez dakizu nora jo, mundua hastera doa eta zuri trenak alde egin dizu. Karrera amaitu izan bazenu, sikiera, baina egunak karta jokoan joan zitzaizkizun: kafetegiko erregea zinen, demonio! Orain udako aitzakia amaitu da, hondartzak jendez hustu dira, eta zuk ez daukazu, ez ipar ez hego. Zer egin? Egin ezazu nahi duzuna, has zaitez bankuak lapurtzen edo egin ezazu proba enpresaren bat edo beste (zure patrikaren alde) hondamendira eramaten, filmetan egiten duten bezalaxe, baina ez zaitez, arren, akademia batean matrikulatu.
Akademiak: irailean norabiderik gabeko gazteen buruen gainean sareak botatzen dituzten sekta txiki horiek! Hiri eta herrietako kale guztietan aurkituko dituzu: informatika, diseinua, argazkigintza, sukaldaritza, bideogintza, soinugintza... «itza» amaierako atzizkiren batez bukatzen diren zera guztiak ikas daitezke akademia mirakuluzko horietan. Ez dira makalak, gainera, esperantza galdutakoen gogoak erosteko orduan: «Zinema zuzendari izan nahi al zenuke? Ikas itzazu gurekin maisu handien sekretu guztiak!». Ikaragarria, aizue, iraila iritsi orduko, «ohiko» ikasketen gurpiletik jausitako ale galdu guztiek amaitzen dute hezetasunez betetako behe-solairuren batean, ageriko titulurik gabeko orojakileren baten elekeria entzuten, ordenagailu zahar batean, zer edo zertan dabiltzala sinetsita.
Urtea amaituta, ordea, berdin ibiliko dira: udan eguzkia hartzen, eta irailean, joandako irailean bezala, bera baino azkarragoa den baten batek jarritako akademia batean denbora (eta dirua) galtzen.