Xanti Begiristain Madotz | Iruñea
Zezenkeriak
Deus baino lehen, esan nahi dut badakidala euskal hiztegiek ez dutela onartzen hitz hau, alegia, «zezenkeriak», baina, euskararekin oso zuzen zale eta begirunetsua banaiz ere, aitortu behar dut oraingo aukera honetan ezin izan diodala eutsi aipaturiko hitza erabiltzeko tentazioari, aurreraxeago azalduko ditudan arrazoiengatik.
Eta aurrera jarraitu baino lehenago, adierazi nahi dut, oker ez banago, gai hauxe bera ere, hau da, Iruñea 2016 Kultur Hiriburua izateko hautagaitza, jorratu nuela joan den urtean. Beraz, ideia eta argudio asko ez errepikatzeagatik, mugatuko naiz iruzkintzera eta aipatzera Yolanda Barcina andrearen taldeak azken bolada honetan aurkeztu duen programa. Eta, argi eta garbi ikusten den bezala, UPNk Iruñeko kultura maila gorena, antza denez, kokatu nahi du zezen, entzierro eta zezenketen inguruan. Eta zer nahi duzue esatea, ba? Nik, dagoeneko, behin baino gehiagotan idatzi eta esan dut publikoki, beganotzat jotzen dudala nire burua; hortaz, zezenketen inguruan sortu nahi duten sasi-kultura artifizial hori guztia, nire iritziz negargarri, tamalgarri, iraingarri eta lotsa emangarria da.
Hitz gutxitan esanen dut: guztiz desegokia deritzot Barcinak aurkeztu duen egitarauari. Uste dut programa horrekin Iruñeak ez duela inola ere merezi hautagaitza lortzea, XXI. mendeko Europan. Abuztuko Iruñerrian Auzolan aldizkarian irakurri nuen gure hiria azken tokian dagoela sailkatua zerrendan; zalantzarik gabe esan daiteke Barcinak eta bere talde osoak pultsuz irabazi dutela sailkapen hori. Munduko hainbat eta hainbat lekutan, gero eta gehiago onartzen ari direnean animalia guztien eskubide oro errespetatu behar direla, hemen, berriz, sinetsarazi nahi digute zezenak estresatu, gaizki tratatu, odolustu eta torturatzea goi-mailako kultura dela, eta ez hori bakarrik, baizik eta nafar on, esaneko, fidel eta eredugarria izateko, horrelako praktikak ikusi eta babestu behar direla.
Pena bat dut, abuztuaren 18an Sanz eta Barcina ez egotea Tafallako zezen-plazan, lehen ilaran, Nafarroako erresuma zaharra defendatzen, zapitxo gorriarekin. Laburbilduz, UPNren proposamenak ahulezia asko ditu eta funts gutxi. Euskararik gabeko hiriburua, ez hanka ez burua. Gora Euskal Herri euskaldun kulturaduna eta pikutara zezenkeriak!