GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiroaren erreformaren aurkako mobilizazio eguna deitu dute irailaren 7rako

p021_f02_097x088.jpg

Ainize BUTRON

Erretiro sistemaren erreforma bozkatzekotan dira hilaren bukaeran Legebiltzar frantsesean, eta sindikatuek mobilizazio egun «indartsu» batera deitu dute irailaren 7rako Baionan.

«Erreforma horrek arriskuan jartzen du gaur egungo oreka ekonomiko eta soziala. Horren aurkako mobilizazioak jendetsua izan behar du», adierazi zuten UNSA, CFDT, CGT, FO, FSU, Solidaires eta CFTC sindikatuek prentsaren aurreko agerraldian.

«Enpresa pribatu zein publikoetan mobilizaziorako grina sumatzen da. Orain arte sekula mobilizatu ez diren enpresetan greba egitekotan dira», nabarmendu zuen Alain Uzert CGTko ordezkariak. Biarrizko Miramar, Baiona, Angelu eta Biarrizko hiltegiak eta hainbat enpresa txikik ere bat egin dute, mobilizazio guztietan karrikaratu ohi diren beste hainbat enpresetako langileekin batera.

LABek ere bat egin du astearteko greba eta manifestazio deialdiarekin. Prentsara igorritako ohar batetan, sindikatu abertzaleak adierazi zuen Gobernuaren egitasmoa ez dela «onargarria», erabiltzen diren argudioak ez direlako «zuzenak ez eta ere onargarriak», eta langileak, gazteak, emakumeak eta etorkizuneko belaunaldiak kaltetzen dituelako. LABen iritzirako, «faltsua, zentzugabea eta jasanezina» da Sarkozyren kabineteak hartu duen bidea, eta, heldu den astearteko ekimenaren bitartez, Gobernuaren lege proiektua bertan behera uzteko galdegingo dutela nabarmendu du. Izan ere, bere aburuz, Gobernuak atzera egin dezan ezinbestekoa da «borroka zabal bat» aurrera eramatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo