GARA > Idatzia > Euskal Herria

Artzaintza sustatuz, Gipuzkoako 21. Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin

Legazpiko Artzain Eguneko ekitaldiak bi egunetan banatuko dituzte aurten. Gaur bertako produktuak dastatzeko aukera eskainiko dute, eta igandean, ohikoak diren ardi-okel, gazta, artzain-txakur eta argazki lehiaketak izango dira. Horrez gain, sagardo eta gazta dastatzeko aukera, ardi erakustaldia eta artisautza denda txikiak izango dira herriko plazan goiz osoan.

p016_f01_200x121.jpg

Nagore BELASTEGI

Urtero bezala, iraileko lehen igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin, eta aurten 21 urte betetzen dituen azokak, ohiko gazta, ardi-okel eta artzain-txakur txapelketez gain, berrikuntzak ekarriko ditu, hala nola «Gustu laborategia».

Jaialdiaren nondik norakoak azaldu zituzten antolatzaileek atzo, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Legazpiko Udaleko Nekazaritzako zinegotzi Jon Erramun Uribetxeberriak nabarmendu zuenez, Artzain Egunaren helburu nagusia artzaintza ezagutzera ematea eta jendea sentsibilizatzea da. «Euskal Herrian 4.000 urtez egon dira artzainak, eta ardiei esker mendiak garbitu egiten dira. Horrela gure ingurua mantentzen laguntzen dute eta administrazioak diru asko aurrezten du», adierazi zuen zinegotziak.

Legazpiko nekazaritza teknikari Jone Azpeitiak asteburuko egitaraua azaldu zuen. Gaur bertan, Gipuzkoako Slow Food elkartearen laguntzarekin, «Gustu laborategia» izango da, industrialdeko Aitxuri jatetxean, 19.00etatik aurrera.

Slow Food filosofiak elikagaien eta elikaduraren kalitateari ematen dio garrantzia, eta besteak beste, tokian tokiko eta sasoian sasoiko produktuak bultzatzen ditu. «Gustu laborategi» honetan, arditik eratorritako produktuak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta horiek lortzeko zer lan egiten duten azalduko dute artzainek. Gaztaz gain, Adunako Zabala sagardoa -aurten Gipuzkoako lehen saria irabazi du-, eta Errioxako ardo beltza dastatzeko aukera ere egongo da.

Igandean izango da Artzain Eguna. Goizetik hasita, artisautza, ezti eta gazta saltzeko postu txikiak jarriko dituzte, gazta eta sagardo dastatzea eta Latxa arrazako ardi eta aharien erakustaldiak egin. Artzainen omenezko ekitaldia ere izango da.

Horrez gain, Gipuzkoako gazta txapelketa, Ardi Okela Gertatze Gipuzkoako lehiaketa eta Ikatza taldeak antolatutako argazki rallya izango dira. Arratsaldean, aldiz, Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketa izango da Urtatza auzoko zelaian. Bertara iristen laguntzeko, gezi itxurako seinaleak jarriko diztuzte herrian zehar.

Urtero zenbait artzain omentzen dituzte beren lanagatik. Sarituek lotsa izaten dute askotan, egun horretarako argitaratua den liburuxkako elkarrizketa dela-eta, edo oroigarritzat jasoko duten makila hartzera jendaurrera atera behar dutenean, baina azkenean denek gogotsu onartzen dute. Aurten Gipuzkoako lau aiton-amonei emango diete makila, baita Ameriketan artzaintzan aritutako euskaldunei ere. Horrez gain, 21 urteetan Artzain Egunaren antolakuntzan ibili den Agustin Belokiri ere egingo diote omenaldia.

Beloki ere Donostian izan zen atzo. Antolaketa lana zaila dela nabarmendu zuen berak, jaialdiak atal ugari barne hartzen dituela-eta. Nolanahi ere, Legazpin urte hauetan ikusi izan du Gipuzkoako ia herri guztietatik bertaratzen dela jendea irailaren lehen igandean, eta horrek artzaintza oso barneratuta dagoela esan nahi du. Lau belaunaldiz osatutako artzain sendiak ere joaten dira eguna pasatzera, eta Belokik esan zuenez, hori nahikoa du, lanean gogor ekiten jarraitzeko.

Etorkizuna, gaztaren eskutik

Antolatzaileez gain, Legazpiko bi artzainek ere hitz egin zuten Donostiako aurkezpenean. Euren lanari buruz mintzatu ziren. Makatza baserriko Pedro Gabiriak artzaintzari etorkizun beltza ikusten diola ohartarazi zuen. Berak bi alaba ditu eta ez dute artzaintzan interesik.

Erreizabal baserriko Juan Jose Arangurenek, aldiz, eurek lanbideak jarraipena izango duela uste du. Nabarmendu zuenez, Artzain Eskolan gazte ugari dago horretan aurrera egiteko prest. Gazta egiteak etorkizuna daukala uste du, esnea saltzeak, ordea, ez duela dirurik ematen, baina bertatik produktuak ateraz eta merezi duten prezioan salduta, besteen pareko diru iturri dela.

Era berean, artzaintzak diru laguntza gutxiegi jasotzen dituela salatu zuen Uribetxeberriak. Beraren ustez, lurraldean egiten duen lana oso garrantzitsua da, eta gainera, ingurumenaren oreka sustatzen du, bertako produktuak oso kalitate onekoak direlako, eta kanpotik ekartzea beharrezkoa ez izanik garraioen kutsadura murrizten delako.

Lana aurrera ateratzeko goiz esnatu behar izaten dira, baita Artzain Egunean ere. Aurreko egunetik prest dituzten gaztak furgonetan sartzen dituzte, ondoren Legazpiko plazara eramateko. Gainera, ardiak prestatzen dituzte, ilea garbituz eta txukunduz. Plazara iristean, mahaiak eta hesiak jartzen laguntzen dute, eta berehala hasten dira euren produktuak saltzen. Gazta lehiaketa egin ostean, denek elkarrekin bazkaldu, eta jarraian, presaka, artzain txakurren txapelketa ikustera joaten dira.

Lehiaketara aurkeztuko dituzten gaztak aukeratzeko Artzai Gazta elkartean egindako probak kontuan hartzen dituzte, sortarik onenak zeintzuk diren jakiteko.

Estropadak nagusi Donostian

Donostian Euskal Jaiak ospatzen ari dira, atzo hasi eta hilaren 12ra arte. Bihar nekazaritza ekologikoaren VI. azoka egingo dute Bulebarrean. Igandean Kontxako Banderako gizonezkoen lehen proba izango da eguerdian, eta 18.00etan dantza solteko txapelketa hasiko da Kostituzio plazan.

Datorren asteko larunbatean emakumeen estropadak izango dira 18.00etan eta Konstituzio plazan bertsoak, 22.30ean. Igandean, berriz, emakumezkoen estropadak 11.00etan hasiko dira, eta gizonezkoak 12.00etan aritu dira lehian. Ekitaldi horiez gain, hamar egunetan zehar txistulari nahiz trikitixa emanaldiak izango da, baita herri kirolen erakustaldiak ere.

Bestalde, irailaren 12an Biasterin mahats-bilketaren 17. festa egingo dute. Jaialdia 11.00etan hasiko da eta 20.00ak arte iraungo du. Bertan aizkolarien erakustaldia eta mahats zapalketa ikusteko, Arabar Errioxako mosto eta ardoa dastatzeko eta herri bazkarian parte hartzeko aukera izango du bertaratzen denak.

16 urte omentzen

Antolatzaileak 1994an hasi ziren artzain izandakoei omenaldiak egiten eta oroigarritzat makila oparitzen. Ordutik 66 pertsonei eman diote oroigarria, horietako asko bikotearekin joan izan direnez, 100 inguru izan dira omenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo