«Musika nire bizitzaren parte da, asko zor diot sei sokadun soinu tresna horri»
Unai Egia
Mitosia eta Nabil taldeetako gitarra jotzailea
Musika zainetan darama Unai Egia kantari lekeitiarrak. Gitarra esku artean hartu zuen lehen egunetik melodiek ziztada egin zioten, eta doinuez pozoiturik jarraitzen du geroztik. Ekon eta Txapelpunk taldeetan aritu izan da, eta egun, Mitosia eta Nabil taldeen artean banatzen ditu bere akordeak.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Musika sortzen Mitosia taldearekin hasi zen orain dela hamar urte Lekeition, eta Txapelpunk eta Ekon taldeetan ibili da luzaroan. Mitosia taldean trash core doinuak jorratzen ditu, gitarra zorrotzez, infernuko doinu oldarkorrak landuz. Urte hasieran ikusi zuen argia taldearen bigarren diskoak, bi CDtan taldearen iraganak eta orainak bat egin dute, beren berezko musika ibilbidea biribilduz. Gainera, Nabil egitasmoa jarri zuen martxan 2006an, etxean sortzen zituen beste era bateko kantuei bidea emateko asmoz. Hor, doinu lasaiagoak topatu daitezke, pop-rock girokoak, eta gitarra leunagoekin eta sentikorrekin jantziak. Gitarra jotzeaz gain, ahotsaren ardura ere hartu du Nabil taldean, eta talde izaera duen arren, Unai bera da kantu eta hitz guztien sortzaile bakarra.
Musikari ipurterrea zara benetan. Talde eta proposamen ugaritan aritu zara urteotan, aspertzeko betarik gabe. Musika barne-barnean daramazu.
Hamabost urte nituela eskuratu nuen nire lehen gitarra, beraz esan daiteke bizitza erdia daramadala jo eta su. Nire lehenengo taldea Mitosia da eta bidean beste taldeekin tartekatu dut beti. Ekon utzi eta Txapelpunken hasi nintzen, eta zazpi urte eman ditut bertan. Ekainean utzi nuen taldea, Mitosia eta nire proiektu pertsonalean zentratzeko. Abenduan aita izango naiz, eta dena ezin da. Hala ere, musikaren ardatzaren inguruan biraka dabil nire bizitza.
Zure hastapenak Ekon taldean izan ziren, 2002an. Izan ere, «Salatzen dut» diskoan hartu zenuen parte. Orduko zein oroitzapen dituzu?
Emozioz beteriko oroitzapenak ditut. Niretzat egia bihurtu den ametsa izan da Ekon taldean jotzea, baita Txapelen aritzea ere. Ekonen gehien gozatzen nuen zuzenekoetan, batez ere pirotekniak eztanda egitean.
Ordurako sortua zenuen jada Mitosia, beste lagun musikari batzuekin. Trash core eta metal indartsua eginez, bigarren diskoa kaleratu duzue aurten.
Lehen aipatu dudan bezala, Mitosia beti egon da hor. Urte dezente daramagu taldean, baina maketa bat eta bi disko baino ez ditugu kaleratu. Azkena, hogei kantu batzen dituen disko bikoitza.
Lan bitxia da zinez Mitosiaren bigarrena. Bi zatitan banatu duzue, taldearen iragana eta oraina kutxa bakar baten barnean batuz.
Lan biribila egin dugula uste dut. Esan genezake Mitosiaren «Black album»a dela. Kar, kar, kar… Diskoa bi ataletan banatzen da (“Meiosia” eta “Mitosia”) eta CD bakoitza hamar kantuz osatuta dago. “Meiosia” Xanperekin (PILT) grabatu genuen Bilboko Koba estudioan. Bertan luxuzko bi kolaboratzaile izan genituen: Ibon (Anestesia) eta Kapi (OST). “Mitosia” berriz, Txus Lozanorekin (Etsaiak) grabatu genuen Luberri estudioan, eta taldearen hasierako kantuekin osatutako disko bat da. Esan genezake atal biak erabat simetrikoak direla, eta mitosia zelula ernalketa den bezala, lan honetan ere hori bera gertatzen da.
Hala ere, zure etxean beste mota bateko kantuak sortu eta Nabil taldea martxan jartzea deliberatu zenuen 2006an.
Bai, abesti lasaiak sortzen hasi nintzen, eta azkenean, Nabil proiektua aurrera atera nuen Patxeko, Iraun eta Daviden laguntzarekin. Duela gutxi kaleratu dugu bigarren diskoa: hau ere, Xanpek grabatua Koba Estudioan. Bertan Aiora Renteriak (Zea Mays), Garoa Arizmendik eta orain gutxi arte Mitosiako partaide izan den Saji kantautoreak parte hartu dute.
«Egunsenti bat lez» diskoa bilduma lan baten bigarren zatia dela esanez definitu duzu. Beste bi disko aurreikusten dituzu zikloa ixteko, beraz.
Lehenengo diskoa, "Bere begiei", ura zen bezala, disko hau lurra dela esan daiteke. Beraz, airea eta sua geratzen zaizkit oraindik argitaratzeko.
Mitosiarekin alderatuz, bestelako doinuak topa daitezke disko honetan: gitarra akustikoak, erritmo lasaiagoak... Pop-rock doinuak, finean.
Bai. Nire alderik sentikorrena azaltzen da Nabilen kantuetan. Niretzako erronka handia izan da gitarra akustikoak grabatzea edo ahots garbi eta melodikoekin abestea. Lan honek ere asko irakatsi dit. Bizitzan bezala, musikari bezala aurrerapausoak ematea gustatzen zait eta ez beti toki berean geratzea.
Gainera, hori guztia gutxi ez ez eta, urte askotan Txapelpunk taldean aritu zara orain dela gutxi arte. Zer eman dizu Txapelen ondoan aritzeak?
Hauekin bai pasatu dudala ongi. Zenbat kontzertu eta zenbat parranda! Hogei urte nituela hasi nintzen jotzen, eta 30 bete artean amets ero bat bizi izan dut. Edozein musikari hasiberriren ametsa bizi izan dut Txapelekin. Musikalki hazteko ezinbestekoa izan da: nire jotzeko estiloa garatzeko balio izan dit, eta asko ikasi dut grabaketak egitean. Era berean, taula gainean esperientzia hartzeko ere ezinbestekoa izan dut.
Sormenaren aldetik, erraz ateratzen zaizkizu kantuak. Nola erabakitzen duzu norantz bideratu melodia bat (Mitosia, Nabil…)?
Batzuetan berehala ateratzen dira kantuak eta beste batzuetan ezin amaitu egoten naiz. Hori gertatzen denean abestiak bolada luze batean uzten ditut esperoan eta gero argiago ikusten ditut gauzak. Ohikoan, Mitosiako kantuak izango direnen ideiak lokalean konposatzen ditut gitarra elektrikoa bolumen altuan jarrita, eta gero, Markelek, Auak eta Castrok kantu horri Mitosia izateko falta zaiona gehitzen diote. Nabil-en abesti gehienak, ordea, gitarra klasikoarekin ateratzen ditut. Lehenengo melodiak egiten ditut eta gero nahi dudan edo eskatzen didan modura janzten ditut.
Musikarik barik ezin bizi, beraz?
Inola ere ez. Gitarra eskuetan hartu nuen momentuan zerbaitek barrua ukitu zidan, eta argi ikusi nuen ez nintzela luzean nekatuko. Eta horrela izan da. Gitarra jotzen ikasteak musika nire bizitzaren parte izatera eraman nau, eta hortaz, asko zor diot sei sokadun soinu tresna horri.