Denbora kudeatuz arma politiko gisa eragiteko
AEBetako Administrazioaren begiradapean, israeldar eta palestinar agintarien arteko elkarrizketa zuzenak hasi egin dira. Egia osoa esateko, begiradapean baino gehiago AEBen presiopean hasi direla esan daiteke, Barack Obama baita negoziazio saio hauetan interes handien duen aldea, harrigarria bada ere. Ulergarria ere bada, G. W. Bush-ek inposatutako testuinguruan, Annapoliseko ziria albo batera utzita, arabiarren eta juduen arteko elkarrizketa ezinezkoa baitzen. Lorpenak eskuratzeko desio horretan Obama noraino helduko den esatea zaila da, akordioa behartzea aukera bat bada ere, epe ertainerako ondorioak neurtezinak direlako.
Denbora faktorea -negoziazio hauetan zalantzarik gabe, baina, ikuspuntu orokor batetik politikagintzan ere bai- auzi garrantzitsuenetako bat da. Kasu honetan, denboraren kudeaketa arma bat balitz bezala hartzen dute aldeek. Nahi edo nahi ez, legegintzaldiak baldintzatzen du Obamaren egutegia, eta horren barruan nahi ditu emaitzak. Netanyahu-k eskuin muturrarekin duen gobernu akordioa eta nazioartetik jasotzen ari den presioa kudeatzen jakin behar du eta Abbas-ek hauteskundeak atzeratzen joatearen eta Hamas baztertzearen ondorioz duen zilegitasun eza kontrolatzen asmatu behar du. Horrexegatik, denborak markatzen ditu, hein batean bederen, beste aldearen ahulguneak.