GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Oilarren arteko borroka!

Amets TXURRUKA | Txirrindularia

Tropelean oilar asko dago. Denboraldiaren azken txanpa honetara, guztiak ere mokoak ongi zorroztuta iristen gara eta elkarri mokoka ekiteko ez da aitzakia handirik behar. Gure kasuan, gure oilar nagusiak (Igor Antonek) lehengo mokokada Jaenen eman du, sailkapen nagusiko hautagai nagusien ziztadatxoa emanaz. Biharamunean, esprinterren aukera (inor izatekotan hauek bai badirela benetako oilarrak, izaera berezia eta oldarkorra baitute).

Hemen ere, Koldok, azken metroetako oilar borroka zalapartatsu eta azkar horretan munduko onenen parean dagoela erakutsi du eta inoren beldurrik gabe aritu da lehia horretan. Gizon azkar hauentzat posturik txarrena izan ohi dena lortuz, bigarrena alegia. Hala ere, garaiezina zirudien Mark Cavendish britainiarrari aurrea hartu dio.

Murtziako helmuga, beste esprint azkar bat ikusteko etorbide zuzen eta zabal paregabea da, baina aurrez «cresta del gallo» izeneko muinotxoa pasa beharrak azken metroetan bidea zaildu die hegan egiteko gai diren gizon hauei. 4 kilometro pasatxoko muinoa: 10 minutu inguruko ahalegina baino ez, baina 10 minutu horietan etapa garaipenaren lehian sartzea edo kanpoan geratzea dago jokoan. (Arraunean, Kontxan, atzo 20 minutuan dena jokatu zuten bezala).

10 minutu horietan, gure oilarrak (hitzaren zentzu onean!) sakabanatu egin zaizkigu, eta taldekideok ere batzuk aurrealdean, sailkapen nagusia defendatzen, eta atzealdean, etapa garaipenerako aukera ez galtzeko banatu gara. Oso tarte txikiarekin bada ere Igorrek aurreko taldean hartu du gaina eta Koldok metro batzuk atzetik taldetxo txiki batean. Saiatu gara Koldo aurreko taldetxora sartzen baina ezin izan dugu helburua bete eta etapako lehiatik at geratu da. Pablok hartu dio eskukoa, eta saiatu da azken esprint horretan, 8. postua lortuz.

Hushovd garaile, hau da gaurko oilar nagusia beraz!

Gainerakook gandorra pixka bat beheratu eta lanean jarraitu beharko dugu egunotako batean kukurruku egitea iritsiko zaigulakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo