GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Iraila

Ze diferente eta ezberdin egiten duen mintzairak berak kultura bakoitzaren ekarria. Iraila deitzen diogu herenegun abiatu genuen «zazpigarren», september, omen den hilari. «Zazpigarren» hori ez dut uste batere esaktoa denik. Zenbaki arabiar edo arabiar zifrak idaztean «IX» seinalatzen diogu irail honi, bestela disparatea idazten dugulakoan. Eta zer egiten du arabiar kulturak geure sano-ta-garbian endredaturik? Edota, kultura bakoitzak inguruko beste denetatik jaten eta digeri-tzen du? Hau da nahasmena hau: «setiembre» esan eta «IX» (bederatzi) idatzi.

Euskaldunok naturagandik gertu eta bertan biziz, naturalago bizitzea, behintzat, lortu dugulakoan nago. Hilabete maldan-beherako honek, halaxe baitoa, itsumustuan beheraka, asko erakusten digu naturan. Hasteko, herenegun 05.42an jaiki zen eguzkia, 28 minutu berandutuko da goizeroko jaikieran, 06.10ean izango baitu jaikiera hil honen azken goizean. Arratsaldetik eguna laburtzearen beherakadan, amildegirako saltoa egingo du: 48 minutu jaitsiko ditu arratsetik egunari dagozkionak; 18.47an erretiratu zen herenegun; eta 17.59 seinala diote hil honen 30eko arratsalderako. 28 minutu gutxiago goizetik, berandutuz, eta 48 gutxiago arratsetik, erretiroa goizagotuz; egin dezagun bien juntadizoa, eta ordubete eta 16 minutuko koska ematen digu, 76 minutukoa, alegia: bada, badenez, 30 egunentzako jaitsiera galanta: batez beste, eguneko 2 minutu eta erdiko beherakada. Bada, egunaren moxtareari eta gure bizitzaren labur-zurrari begiratzeko lainekoa, bai!

Eta, belar-ta-bibelar, urtetik urtera gero eta alperreanago lan horietan jardun eta gero, askotxo baitira belazerik batere garbitzen ez dutenak ere... dena gorritzen doaneko sasoia hilabete honexek erakusten digu. Aspaldi hasi zen, gorrinak jota, hosto arol porotsuenen sasoia: ezkiak aste pare batean bota zituen bere jantziak; indi gaztaina, jantzi margoanizdun trixteekin dabil, erdi biluzik; hurritz iharkorrenak, galdu zuen bere kalpar harrotik dezente; zumarrak, adar askotxo ditu erabat soilduak; intxaurrondoak lanak ditu bere jantzi ondrosoaren prendei eusten... Eta landare apalagoak, ihi-irak, garoak, gorria marroitzetik abiatuko dira laster batean. Hauek eman diote izena irailari. Gainbehera goaz...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo