GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Txilen epaitu eta erruduntzat jo dute Asel Luzarraga idazle eta musikaria

Iazko Gabon Zaharretan atxilotu eta geroztik etxean preso izan dute Asel Luzarraga Txilen, lehergailuak egiteko tresnak zituela leporatuta. Orain, epaiketa izan eta erruduntzat jo dute. Epaileak asteartean erabakiko du bizkaitar idazleari zer zigor ezarri. Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatzen du, baina Luzarraga lasai omen dago.

p049_f01_204x104.jpg

A. BILBAO | BILBO

Abuztuaren 25ean hasi zen lauzpabost egunez egitekoa zen epaiketa, Txilen Asel Luzarraga Zarrabeitiaren (Bilbo, 1972) aurka burutu dutena. Eta ia zortzi hilabete «mailukada baten zain» egon ostean, erruduntzat jo dute.

Temucoko ahozko epaiketen auzitegiko bigarren aretoan epaitu dute Luzarraga, eta epaileek aho batez jo dute errudun, lehergailuak prestatzeko materiala zuela egotzita. Hasieran gainera, atentatu batzuekin lotu nahi izan zuten bizkaitarra, baina gertakariak jazo zirenean Euskal Herrian zela frogatu eta bertan behera utzi zituen berak salaketok. Kontuak horretan direla, datorren astearterako erabakiko dute zigorra, eta fiskalaren bost urteko kartzela zigorraren eskariari aurre egin beharko dio Luzarragak.

Aretoko epaile nagusiak, Jorge Gonzalezek irakurri zuen epaia, gertakariak bost puntutan laburbilduta, eta beste epaile biekin eztabaidatu ostean, ondorioa ateratzeko ados jarrita: «erruduna».

Fiskalak, bere aldetik, erabakiarekin gustura agertu, eta bost urteko kartzela zigorra eskatu du bizkaitarrarentzat. Eskari horri aurre egin beharko dio orain Asel Luzarragak, datorren asteartean, irailaren 7an jakinaraziko baitiote zigorra. Kanporatze aginduaren beldur da Luzarraga, aukera bat horixe baita, berak inondik ere onartu nahi ez duena.

Asel Luzarraga Txilen bizi da egun. 2009ko abenduaren 31n, atxilotu egin zuten, eta geroztik etxean izan dute preso.

Lasai da Luzarraga

GARA egunkariari iragan apirilaren 4an emandako elkarrizketa batean, Luzarraga berak beldur zela adierazi zuen, Txileko gobernuarentzat `deseroso' bihurtu eta kaleratu nahi zutelako susmoa hartuta -anarkiaren eta maputxeen alde egindako lana zela-eta-. Alta, baikor zen bera: «Niri egia esatea dagokit, orain arte bezala. Horixe da daukadan onena».

Laura Mintegik, euskal PEN Klubeko lehendakariak, berretsi egin zigun atzo Aselen baikortasun hori: «Kolpe latza jaso du, baina lasai dago». Luzarragaren lagunaren iritziz, «errudun jotzeak ez du esan nahi kartzelatuko dutela. Guk uste dugu aitzakia izan daitekeela Txiletik kanporatzeko. Ikusteko dago zein zigor ezarriko dioten, eta badugu esperantza, badirelako aurrekariak -italiarrak eta frantsesak kanporatu zituzten-. Bestetik, epaiketan izan diren kazetariak ere harrituta geratu direla nabarmendu du Mintegik, «ikusi dutelako ez zegoela pisu nahikorik haren kontrako ebazpen bat emateko». Susmatzen dute ez zutela Asel libre utzi nahi besterik gabe, eta «kanporatzeko aitzakia izateko» jo dutela erruduntzat: «Badakigu ez dela errudun, eta hasiak gara epaia salatzen, errugabea delako».

ZIGORRAREN ZAIN

Atzo erruduntzat jo zuten idazlea, eta orain aurre egin beharko dio fiskalak egin duen zigor eskaerari, bost urteko kartzela zigorrari. Datorren asteartean, irailak 7, jakinaraziko diote zein den zigorra.

ALDARTE ONEAN

Laura Mintegik atzo GARAri aitortu zionez, «kolpe latza jaso du, baina lasai dago Luzarraga». Euskal PEN Klubeko lehendakariaren ustez, «erruduntzat jo dute, kanporatzeko aitzakia bat behar zutelako».

Asteartean, bere aldeko elkarretaratzea Bilbon

Asel Askatu! lagun taldeak ohikoa zuen elkarretaratze dinamikari berriz heldu, eta, datorren asteartean, irailak 7, Bilboko plaza Biribilean elkartzeko deia egin du, lagunari babesa eskaini eta euskal hiritarrei Luzarragaren egoeraren berri emateko. Gainera, Laura Mintegik azaldu zigunez, «PEN Klubak ere, nazioartean Luzarragari jazotakoa salatzen jarraituko du, behar beste erakunde eta plazatan».

Atzo, epaia ezagutarazi eta gutxira, sareko atariak borborka ari ziren, berria lau haizetara barreiatzen eta hortik aurrera zer gerta daitekeen zein Luzarragaren alde eman beharreko pausoak zein diren aztertzen. Horretan dabil, besteak beste, «aselaskatu.org» taldea. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo