GARA > Idatzia > Ekonomia

Iurretako EKT enpresako langile bat hil da edukiontzi batzuk gainera erorita

Dagoeneko 49 langile hil dira aurten lan istripuz Euskal Herrian. Azkena, Iurretako EKT enpresan lan egiten zuen 39 urteko emakumea. LAB sindikatuak enpresa horretako lan baldintzak salatu zituen abenduan.

p023_f01.jpg

A.Z. | IURRETA

B.B.B. 39 urteko emakumea hil zen atzo, Iurretako Euskal Kataforesis (EKT) enpresan lanean ari zela. Goizeko hamaikak aldera, bere ondotik pasatzen ari zen orga jasotzaile batek zeramatzan hainbat edukiontzi gainera erorita hil zen langilea, enpresan ordezkaritza duten sindikatuek ohar batean adierazi zutenez. Atzoko istripuarekin, gutxienez 49 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian urtea hasi denetik.

EKTko enpresa batzordea ELA, LAB eta UGT sindikatuek osatzen dute eta hirurek atzo jakinarazi zutenez, behin baino gehiagotan salatu dituzte enpresako gehiegizko lan erritmoak, prebentzio neurrien gabezia nahiz lan kargaren handitzea, «enpresaren aldetik inolako erantzunik jaso gabe», gaitzetsi zuten. Aitzitik, «prebentzio alorrean duen egoera prekarioaz jabetu arren, enpresak etekin ekonomikoak eta produktibitatea lehenesten ditu», salatu zuen ELAk. Egoera hori dela-eta, iazko abenduan LAB sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, EKTn gain produkzio handia zegoela eta lan guztia egiteko langile nahikorik ez zegoela salatuz.

Hala ere, sindikatu abertzaleak salatu zuenez, ikuskaritzako ordezkariak ez zuen inolako neurririk hartu, eta gomendio oroko batzuk baino ez zituen eman. Ildo honetan, LABek atzo adierazi zuen enpresek «intsumisioa» egiten diotela langileen osasunerako eta bizitzeko eskubideari, eta gaineratu zuen administrazioek, beren «geldotasun konplizearen bitartez», enpresa horiei legea ez betetzen laguntzen dietela.

ELAk, bere aldetik, prensa oharrean adierazi zuen «gehiegizko lan erritmoek eta prekarietateak hil egiten dutela», eta laneko ezbeharrak sortzen dituzten arrazoi estrukturalak zeintzuk diren jakina dela nabarmendu ostean arrazoi horiei ez zaiela heltzen gaitzetsi zuen.

Istripua gertatu ostean EKTko langileak etxera joan ziren atzo. Astelehenerako berriz, 24 orduko lanuztea deitu du enpresa batzordeak. Era berean, 12.00etan elkarretaratzea egingo dute enpresa atarian.

Beste bat, oso larri

Beste alde batetik, LABek azaldu zuen 58 langile bat «oso larri» dagoela iragan ostegunean Loiuko Indubilsa galdara-lantegian izandako istripuaren on-dorioz. Istripua 6.50ak aldera gertatu zen, eta langilea Gurutzetako ospitalean dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo