GARA > Idatzia > Euskal Herria

BABeko autobus sare berria abian izanen da 2011ko urtarrilaren hastapenetik

Idoia ERASO | BAIONA

Urtean sei milioi bidaiari izatetik hamar milioi izatera pasatu nahi du BAB (Baiona, Angelu eta Biarritz) eta inguruko herriak elkartzeaz arduratzen den autobus sareak, STABek. Horretarako, aldaketa anitz izanen dira.

Hasteko, sarearen izena aldatu eginen da; 2011ko urtarrilaren 3tik aitzina Chonoplus izena hartuko du. Autobus sarearen antolakuntza aldatu eginen da, lau linea nagusiren inguruan egituratuz. Horien azkartasuna ziurtatzeko 35 kilometroko autobus erreiak ere sortuko dira.

Aldaketa horien eraginkortasuna ziurtatzeko egun sarea kudeatzen duen sindikatua, SMTC, desagertu eginen da eta BAB hiri elkargoak hartuko du gidaritza. Orain arte Baionan, Angelun, Biarritzen, Hiriburun eta Tarnosen ibiltzen ziren autobusak. BABen handitzearekin, hiri elkargoaren parte diren beste bi herritara ere iritsiko dira, Bidarte eta Bokalera. Gidaritza aldaketarekin ere Hiriburu eta Tarnose sarearen parte izaten segituko dute.

«Iraultza izanen da eta lan handia eskatzen du. Autobus sarearen erabiltzaile kopurua handitzea helburu duen modernizazioa ari gara prestatzen», azaldu du BAB hiri elkargoko presidente Jean Grenetek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo