Eguerdiko suziriarekin hasiko dira Hondarribiko jaiak
Egitarauari eta kaleko giroari erreparatuta, dagoeneko festatan direla badirudi ere, gaur emango diete Hondarribiko Ama Guadalupekoa jaiei hasiera ofiziala. Eguerdiko hamabietan udaletxeko balkoitik suziria bota orduko lehertuko da festa herriko kaleetan, danbor doinuek eta txarangak lagunduta. Larunbatera arte iraungo du jaiak.
GARA
Festarik festa ibili ondoren, uda amaitzeko askorik falta ez bada ere, Euskal Herriko hainbat txokotan oraindik ere jai gogoz dabiltza; bai Hondarribian behintzat, gaur bertan hasiko baitituzte Ama Guadalupekoa jaiak. Kirol lehiaketak, gaztetxoentzat jokoak eta antzezpenak, berbenak, kontzertuak, azokak, txarangak zein kale animazioa, festetan denetariko ekitaldiak izango dituzte gipuzkoar kostaldeko herri honetan datorren larunbatera arte.
Festa giroa berotzeko-edo, bertso saioa egin zuten aurreko larunbatean, hilak 28, Hondarribiko Santiago kaleko plazan. Giro ederra izan zen, eguraldi ona tarteko, eta Aitor Sarriegi, Xabi Paya, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina arduratu ziren gainontzekoaz, Karlos Aizpurua gai emailearen esanetara. Udako saio gehientsuenak bezala, umoretik joan ziren batez ere gaiak eta bertara hurbildutakoek gozatu ederra hartzeko aukera izan zuten. Horrela, asteburu honetan ere kirol ekitaldi ugari izan dituzte, bereziki etxeko txikienei begira prestaturikoak: 3x3ko Saskibaloi Txapelketa edo I. Gazte Lasterketa, esaterako. Horiez gain, dagoeneko ibilbide luzea duen 34. Guadalupeko Igoera ere ospatu zuten.
Bide bertsutik ospatu ziren igandea eta atzoko eguna ere. Gaztetxoenek izan zuten zerekin gozatu, apar bainuaren eta txirrindulari probaren artean. Atzo goiz partean ere, goizean goizetik haurrentzako ekitaldiz josi zen eguna. Txikienen zezen entzierroa iragarriz txupinazoa bota zuten udaletxeko balkoitik; konfeti eta globo ugari ere jaurti zituzten. Geroxeago, hamaikak aldera egin zen entzierroa zezen puzgarriekin Santa Maria atetik irten, hiri erdigunean zehar pasa eta Arma plazaraino. Arratsalde partean, berriz, dozenaka haur inguratu ziren Gipuzkoa plazako 61. Margo Lehiaketara eta Zezen Plaza aurreko harresietan egin zen XVI. Graffiti Lehiaketara. Iluntzean berriz, herri jaietan ohi denez, erraldoi eta buruhandien txanda izan zen eta gau partean alardeko kantineren aurkezpen desfilea egin zen.
12.00etan, txupinazoa
Dagoeneko festetan murgilduta daudela badirudi ere, gaur eguerdian botako dute Hondarribian jaien hasiera ofiziala iragarriko duen suziria kanpai hotsez lagunduta. Goizean goiz Mendelu auzotik irtenda, haurren danborrada ibiliko da herrian zehar. Eguerdian, suziriarekin batera, berriz, erraldoiak eta buruhandiak irtengo dira kalera eta ordu horretan hiriko urrezko intsignia jartzea egingo dute; aurtengoan Javier Sagarzazu margolariari emango diote.
Arratsaldean, Hondarribiko Hiria musika banda kalez kale ibiliko da giroa alaituz. Iluntzean berriz, salbearen eta udalbatzak dantzatuko duen aurreskuaren txanda izango da. Gero danborrada kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena. Jaiei hasiera eman ondoren, bihar Alarde eguna izango da. Goizeko bostetako alboradak esnatuko ditu herritarrak eta hortik aurrera txilibitu soinuak gailenduko dira.
Asteburua inguratu ahala musikak hartuko du garrantzia. Betagarri eta Pantxoa eta Peio ariko dira, besteak beste.
Alarde eguna izango dute bihar Hondarribian. Alarde parekideko kideek emakumeek jaian parte hartuta «ez dela ezer gertatzen» erakutsi nahi dute: «danborradetan edo beste edozein tradiziozko jaitan emakumea sartzen joan da eta festak bere horretan dirau», agertu zion GARAri Elizabeth Olaskoaga Jaizkibelgo kideak. Olaskoagari benetan ulertezina egiten zaiona horrenbeste gazte espaloi bazterrean Alarde parekideari bizkar ematen ikustea da. «Gizonaren nagusitasuna agerikoa da gizarte honetan; emakumeak plantxatzeko, garbiketarako eta eurei txalo egiteko nahi dituzte», zioen. Oztopoak oztopo, Alarde parekideak hamabosgarrenez Hondarribiko kaleak zeharkatuko ditu eskopetak hartuta, bazterrak danbor eta txilibitu soinuz alaituz. GARA