Gari Mujika Kazetaria
Sinesgarritasuna
ETAren adierazpena ez da ez gauerdiko ahuntzaren eztula izan, ez eta saihets daitekeen albistea ere. Asko izan dira, halere, publikoki gutxiesten ahalegindu direnak. Alabaina, komunikatzeak izan ohi du begi bistan agertzen ez den bertute bat, alegia, erabiltzen diren hitzen eta esan nahi denaren artean, askotan, kontrako mezua indartzea.
Euskal herritarrak, zoritxarrez, zerura begira egotera ohituegi gaude, mirariren batek zer edo zer aldatuko duen esperoan, baina gehiegitan bertatik etorri dena zirina besterik ez da izan. Hala, ETAren alde bakarreko eta baldintzarik gabeko erabakiaren ondotik, politikari asko, hitzez, eskasa eta gutxietsi beharreko pausoa dela esaten ibili dira. Baina bistakoa da hori ez dutela eurek ere sinesten.
Politikari onak, esan ohi da, xake partida batean bezala, etorkizunean iritsiko diren egoeretara aurreratzeko gaitasuna duela. Zalantzarik gabe, buruhauste ederra ekarri die agintari eta politikari gehienei ETAren adierazpena munduan barrena lehen mailako albiste izateak. Lakuako Gobernuaren izenean, Rodolfo Aresek -diotenez, Patxi Lopezek ere bertan karguren bat omen du- egin zuen agerraldian ikus zitekeen BBCren tamainako komunikabideak berria zabaltzeak aurreikusita izan zezaketen egoera aldarazi ziela. Hortik aurrera, albistea bera garrantzitsua eta pozgarria dela ukatzea, gezurretan aritzea baino gizarteari iseka egitea da.
Gaurkoan baina, nire ustez, bada euren ezezkotasunak, albistearen zabalkundeak eta jendartean izan duen harrera beroak erakutsi duen izaera garrantzitsuagoa: ETA, Euskal Herrian, lehen mailako eragile politikoa dela, borroka armatuan aritu edo ez; eta, bestetik, sinesgarritasun osoa duela herritarren artean. Eta ideia hori, hain justu, hori ukatzen aritu direnak indartzen dute, behin eta berriz. Barregarri jokatu dute, esaterako, albisteak oihartzun mediatiko eskasa izan duela esaten aritu direnek.
Halere, oraingoak ere ez dira zerura begira egoteko uneak. Prozesu politikoaren akuilu izan beharreko marko demokratikoa sostengatzeko baldintzak eraiki behar baitira. Ditugu. Eta aldi berean, ezker abertzalearen kapital politikoa, proiektua, indartzeko eta gorpuzteko egunak datoz. Xakean bezala, berandu baino lehen iritsiko den eguna aurreikusiz. Eta horretan, herriaren etorkizuna den aldetik, gazteriak badu lan eskerga.