Igor Urrutikoetxea LABeko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria
Langile klasearen alde
Europan nagusi den sindikalgintzak defendatzen duen «elkarrizketa sozial» horrek langile borroka ahuldu du urteotan, borroka albo batera utzi duelako bai kalean bai lantokietan. Ezkerreko sindikatuek izan beharreko paper garrantzitsuaz asko dugu ikasteko Latinoamerikako prozesuetatik
Sistema kapitalistaren egungo krisiak bere eremu guztiei eragiten die: ekonomia, politika, jendartea, ingurumena eta abar. Kapitalismoa bereziki lurralde aberastuetan sasoi larria pasatzen ari bada ere, ez dugu gutxietsi behar historikoki aldaketei eta egoera berriei egokitzeko eta indartuta ateratzeko erakutsi izan duen gaitasuna. Aipatutakoa agerian geratu zen 1929ko crack-ean, bi mundu gerren ostean edota 1973ko petrolioaren krisiaren ondoren, joan den mendean sistemak izan zituen memento kritikoenetariko batzuk aipatzearren.
Kapitalismoaren buruek (Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, G-20an bildutako estatuak, kapital finantzarioak eta multinazional erraldoiak,...) saiakera guztiak eta bi egingo dituzte euren klase interesak egungo krisiaren ostetik indartuak atera daitezen, eta beste behin ere, mundu osoko beharginok ordain dezagun. Nahiz eta jende zintzoari milioika dolar ostu, nahiz eta herrialde osoak kiebrara bidali (Islandia kasu), nazioarteko bankuetako arduradun nagusiak egindako lapurretagatik jazarri beharrean saritu egin dituzte AEBetako eta Europar Batasuneko (EB) gobernuek, diru publikotik milaka milioi euro oparituz... Eta inork ez ditu erantzukizun sozial edo politikoak bere gain hartu.
Krisi honen benetako eragileak sarituak izaten ari diren bitartean, errudun politikoek langile klaseari ordainarazi nahi dizkiote ondorioak, horretarako gastu soziala murriztuz eta milioika pertsonaren lan eta bizi baldintzak kaskartuz. Krisiak sortu duen egitasmoa baliatzen dute, Europar Batasuneko buruzagiek aspaldidanik pentsatua duten egitasmoa burutzeko, alegia, Lisboako Ituna indarrean jartzeko. Horretarako, patronalen eta (in)komunikabide handien laguntza dute, eta azken horiek tokian tokiko gobernuaren edo korporazio handien kapital pribatuaren menpe daude. Hala, egunero saiatzen dira langileoi politikoki kontserbadoreak eta sozialki atzerakoiak diren diskurtsoak helarazten.
Ildo beretik, Sarkozyk, Zapaterok eta enparauek gastu publikoa murriztuz krisia gainditu gura dutela diote, baina ez dute murrizten gastu militarra, poliziala edota monarkiarena. Murrizketa bakarra langile publikoen soldatari, pentsioei edota laguntza sozialari dagokio.
Langabeziari aurre egin nahi omen diotela esaten ari dira, Espainian eta Grezian kaleratzeak erraztu eta merkeago bihurtzen dituzten bitartean. Ildo beretik, ia Europar Batasun osoko gobernuek (Austria, Alemania, Danimarka, frantziar eta espainiar Estatuak eta abar) erretiratzeko adina atzeratzeari ekin diote, eta horrekin batera, kotizazio urteak luzatu nahi dituzte. Gazteriaren artean enplegua sortzeko modu xelebrea hauxe, aipatu kolektiboa lan merkatura sartzea galaraziz (erretiro duina izan behar luketen beharginen lan bizitza luzatzen baitu) eta kaleratzea ia doako bilakatuz.
Eta zer esan Europan ezartzen ari den pribatizazio andanari buruz edota Frantzian eta Italian azken hilabeteotan izandako etorkinen deportazio masiboez?
Errezetak berberak izaten ari dira EBko lurralde guztietan. Oso argi dute: krisitik ateratzeko kapitalismo gehiago, desarautze handiagoa, lan baldintza kaskarragoak. Honek derrigorrezko bihurtzen du langile klasearen eta klase sindikalgintzaren arteko koordinazioa, gure ahotsa batera jaso dezagun, eta gure alternatiba plazara dezagun: pribatizazioei eta gastu sozialen murrizketei ez, erretiro adina luzatzeari eta pentsioak murrizteari ez, ekonomian sektore publikoak duen parte hartzea handitzeari bai. Ezinbesteko bilakatu da sindikalgintza soziopolitikoaren papera, Europako panorama politikoak ezkerrera eginda soilik etorriko delako egungo politika komunitarioen aldaketa. Europan nagusi den sindikalgintzak defendatzen duen «elkarrizketa sozial» horrek langile borroka ahuldu du urteotan, borroka albo batera utzi duelako bai kalean bai lantokietan. Ezkerreko sindikatuek izan beharreko paper garrantzitsuaz asko dugu ikasteko Latinoamerikako prozesuetatik.
Euskal Herrian, halaber, aldaketa sozialak aldaketa politikoaren eskutik joan behar du; gure etorkizuna maila ekonomikoan, sozialean eta lan arloan erabakitzeko aukera emango digun aldaketa politikoarekin, hain zuzen ere.
Gaur, irailaren 7a, langile klasearen aldeko nazioarteko ekintza eguna da, eta gu Iruñeko kaleetan mobilizatuko gara Munduko Sindikatuen Federazioaren (MFS-FSM) deiari jarraituz. Eta gaur, halaber, badugu beste hitzordu garrantzitsu bat ere: Ipar Euskal Herrian pentsioen erreformaren aurka egingo den greba orokorra. Hilaren 18an izango dugu hurrengo mobilizazioa Ipar Euskal Herrian, eta egun horretan bertan, Grezian bat egingo dugu bertako langileekin elkartasuna adierazteko antolatutako ekimenetan. Euskal Herrian, Europan eta mundu osoan, langile klasearentzat egunero irailaren 7a izatea da erronka. Ekin diezaiogun.