GARA > Idatzia > Ekonomia

Erretiroaren erreforma gelditzeko asmoz, beste behin ere, mobilizazio eguna Estatu frantsesean

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Agindu zuten bezala, langile-sindikatu guztiek beste lanuzte eta mobilizazio egun batekin ekin diote urte politikoari. Parisko Asanblea Nazionalean erretreta-sistema erreformatuko duen legea eztabaidatzean hastearekin batera, euren desadostasuna agertu nahi dute, berriro ere.

Horren karietara, manifestazio ugari egingo da Estatu osoan. Baionan ere, goizeko hamar eta erdietatik goiti, Lan Burtsatik abiatuta, aipatu erreforma geldi dadin eskatuko da. Hainbat jarduera eremutan, batez ere, garraioan, hezkuntzan eta zerbitzu publikoetan, lanuzteak iragarri dituzte. Horrela, Baiona-Angelu-Biarritz hiri-eremuan autobusen erdia soilik ibiliko da eta SNCF tren zerbitzuan ere gorabehera handiak espero dira.

Enpresariak, kezkatuta

Sindikatuez gain, zenbait alderdi eta eragile sozialek ere parte hartuko dutela iragarri dute, horien artean dira Attac, PS, PCF, Batasuna, AB, NPA eta FG.

Bestalde, erreforma geldiarazteko xedearekin, beste hainbat ekimen ere antolatzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Horrela, datorren larunbatean Appel Retraites kolektiboak karabana egingo du eta hurrengorako, berriz, LABek manifestazio nazionala antolatu du Baionan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo