GARA > Idatzia > Kultura

Hungariako eskola ardatz, datorren urteko Hamabostaldian

Musika Hamabostaldiak, jende kopuruari dagokionez, aurreikuspen guztiak bete ditu aurtengoan; orain, datorren urteari begirada botatzea dagokio. Musika hungariarra izango du ardatz, baina aurrekontuan izan litekeen jaitsierak programazioan eragin handia izan lezake.
p042_f01_148x100.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Aurreikuspenak beteta eta zifra ekonomikoetan galerarik gabe amaitu du Musika Hamabostaldiak 71. edizioa. Patrik Alfaya eta Jose Antonio Echenique zuzendari eta zuzendariondokoak atzo egindako balorazioaren arabera, musika errusiarrari eskainitako egitarauak harrera ona izan du ikusleen artean, eta «berriro ere arrakasta» lortu du entzule kopuruari dagokionez. 40.000 zale baino gehiago bildu dira hilabeteren buruan Donostiako agertoki ezberdinetan egindako kontzertuetan.

Kursaal auditoriumak jaso du, urtero legez, jendetza handiena, batez beste %92ko betetzearekin eta, proposamen arrakastatsuenen artean Mariinsky orkestraren emanaldiak izan ziren, aretoa guztiz bete baitzen. Zikloei dagokienez, Echeniquek garrantzi berezia eman zien Musika Garaikideko eta Interprete Gazteen zikloei, musikari berriek eskaintza «aparta» egin baitute esparru horietan.

Alfayaren aburuz, Hamabostaldiak 850.000 euroko bilketaren muga gainditu behar zuen amaieran galerarik ez izateko eta, aurtengoan, larri baina kopurua gainditzea lortu dute: 852.000 euro jaso dituzte guztira. Datorren urterako, aurrekontuei dagokienez, zalantza gehiago agertu zituen zuzendariak. Bere hitzetan, Madrilgo Gobernuak Hamabostaldiari eskaintzen dizkion diru laguntzak murrizketa handia jasan dezake datorren urtean -%50 gutxiago jaso lezakete-, eta horrek programazioaren egitura guztiz baldintza lezake.

Hungariarrak

Aurrekontuak izan dezakeen eraginetik harago, aurtengoan musika errusiarrak izan duen garrantzi berbera izango du datorren edizioan sorkuntza hungariarrak. Hala, Franz Liszt eta Bela Bartok izango dira ardatzetako bi.

«Sevillako Bizargina», Gioachino Rossiniren opera eskainiko da, beste askoren artean, nahiz eta aurrekontuak garrantzi berezia izango duen emankizun honetan; izan ere, uste baino diru laguntza gutxiago jasotzen bada, opera formatuan eskaini beharrean kontzertu formatuan eskainiko baita ikuskizuna.

Datorren urteko izen handien artean daude, besteak beste, Nikolai Lugansky piano-jotzailea eta Nikolaj Znaider biolin-jotzaile daniarra. Horiekin batera, Donostian izango da, beste askoren artean, Yannick Nezet-Seguin zuzendari gaztea, datorren hilabetean Mahler Chamber Orchestrarekin Gipuzkoako hiriburuan izango dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo