GARA > Idatzia > Kultura

Gaitzerdi Teatroa, Trapu Zaharra eta En La Lona Tarregako Firan izango dira asteburuan

A. ARRUTI | BILBO

Datorren ostiraletik astelehenera ospatuko da 30. urtez Tarregako Fira eta, azken hamabost edizioetan bezala, Euskal Teatroak bere tartea izango. Aurtengoan, hiru euskal talde arituko dira kale ikuskizunak eskaintzen: Gaitzerdi Teatroa, Trapu Zaharra eta En La Lona.

Mundu osotik iritsitako antzerki programatzaileen urteroko hitzordu bilakatu da Fira eta kale ikuskizunak izango dira lau egunez. Jaialdiaren zuzendari artistiko Jordi Corominasek atzo Bilbon esan zuenez, «euskal proposamenetan aberastasun izugarria topatzen dut, Katalunian baino handiagoa». En La Lona taldeko Paula Alfierik baieztatu zuen «Firan izan ondoren, telefonoa jo eta jo» hasten dela. Izan ere, bigarrenez arituko dira jaialdian eta «Exodo» lana aurkeztuko dute oraingoan. Ikuskizun ibiltaria da, testurik gabekoa, keinuzko antzerkia, dantza, akrobaziak eta errituak nahasten dituena, bi metro eta erdiko gurpil ikusgarriekin. Klima aldaketak eraginda, bizilekua non finkatu bila ari diren hiru emakume topatuko ditugu. «Ikusleak probokatzea da gure ideia. Ez ditugu deprimitu nahi, obra baikorra da».

Trapu Zaharra taldeak, bestalde, «Camping Renove» aurkeztuko du. Uruguaitik iritsitako Goitisolotarren istorioa kontatzen du, «Montevideon izan ginenean sortu zitzaigun ideia. Euskaldunei buruz zuten irudi negatiboa ikusita», esan zuen Santiago Ugalde aktoreak. Karabana bizkarrean hartuta, kanpin bat sortzeko asmoz abiatuko dira.

Bukatzeko, «Udamina» izango da Gaitzerdi Teatroaren proposamena. «Udako gau bateko ametsa» lana du oinarri eta Kepa Ibarra zuzendariak azaldu zuenez, «lan konplexua izan da. Erronka izugarria izan da Shakespeare kalera eramatea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo