Atseden atsegina
Amets TXURRUKA | Euskalteleko txirrindularia
Hamahiru egun dira jada azkenengoz eguna etxeko ohean esnatuta eta ohiko gosari eta entrenamenduaz hasi nuenetik. Harrezkero, hamaikatxo hotel eta koltxoi ezberdin pasa ditugu, etapaz etapa, atseden hartzeko. Bederatzi etapa burutu ondoren, lehen atseden egunera iritsi gara, eta atsegin handiz hartu dugu gainera!
Batetik, egindako etapen ondorioz pilatutako neketik errekuperatzeko ezin hobeto etorriko zaigulako atseden ttipi hau, eta bestetik, imajina genezakeen egoerarik onenetarikoan iritsi garelako. Etapa garaipen bat lortuta, beste ohorezko postu batzuk ere tarteko, protagonista izanez eta garrantzitsuena dena, lasterketaren liderraren maillot gorria soinean dugula. Maillot hau estimatua da edozeinentzat eta edozein unetan, berak dakarren oihartzuna kontuan izanik, txirrindulariok ordezkatzen dugun enpresari publizitate alorrean erabateko errentagarritasuna ematen baitio. Bestalde, kirolari gisa ere denok nahi dugu behin edo behin onena izan, eta lasterketa batean une horretan onena zein den bereizteko erabiltzen den elementua maillot hau den heinean, normala estimatua izatea.
Estimatua izateaz gain, garesti samarra dela esatera ere ausartuko nintzateke. Izan ere, berau mantentzeak, eraso askori erantzun beharra eta indar asko xahutu beharra dakar. Alcoy-ko etapan esaterako, irteeran ohiko erasoei aurre egiteko prestatu ginen, baina ihesaldiak saria izan zezakeela ikusten zenez, normalean baino jende gehiago ausartu zen aurrerako bidea egiten. Gustuko ditut honelako etapak neronek ere, baina ihesean etaparen ehizan abiatzeko, eta ez oraingoan bezala tropela lotu nahian eta dena kontrolpean mantentzeko ahaleginean aritzeko. Hala ere, taldekideon arteko elkarlanari esker, geurekin ekarri dugu maillot hori atseden egunera. Eta Tarragona alboan dagoen herrixkan, Altafulla-n, atsegin handiz hartu dugu egun hau, bai guk, bai eta David Lopezek, igandean etapa garaipena lortu zuenak, eta bere taldekideek ere. Zorionak eman dizkiodan arren, hemendik berriz zoriondu nahi nuke barakaldarra, handia egin du eta!
Ezer berezirik egin dugun? Bada, larregi ere ez, egia esan, baina askorik ere ez dugu behar zoriontsu izateko: goizean lasai asko jaiki gara, gosari ederraren ondoren egunkaria presarik gabe irakurtzeko tartea. Gero kulot eta maillota (dortsalik gabe!) jantzi eta bueltatxo bat egin dugu bizikletan, eta hotelera bueltan terrazatxo batean zintzurra bustiz lau kontu kontatzen geunden tartetxoan zera pentsatzen genuen: ondo gaude oraintxe ba, e! Bazkalosteko siestaren betiko errutinara itzuli gara jarraian, masajea, afaria eta biharamuneko etapa buruan.
Atseden eguna azkar pasatzen da, baina atsegin handiz bizi dugu oraingoan ere!