GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Kostaldeko Musikaldia

Michel Portal, etxean

Maite IDIRIN

Baionan sortu eta hazitako Michel Portal hiri-etxeko antzokian jardun zen asteburuan. Hala ere, Portal anitzetan entzuna dugu zuzeneko emanaldietan, nola klasikoa interpretatzen elizetan hala jazzeko banda baten barne oholtzetan. Telebista medio, publiko zabalarentzat ere ezaguna da. Boulez edo Berioren obrak interpretatzeagatik bezala, Piaf, Gainsbourg edo Barbara laguntzeagatik. Are oraino hainbat filmetako musika arrakastatsuaren egile bezala ere.  

Oraingoan Prazak kuartetoarekin etorri da. Esan dezagun Pragakoek lehen aldiz parte hartzen dutela Musikaldian, nahiz eta 36 urtez arituz 25 disko grabatuak diztuzten. Mozarten “Ehiza” deitua izan den obra interpretatuz eman zioten hasiera kontzertuari. Kohesio, fintasun eta lirismoz jo zuten Hayden omenez konposaturiko Mozarten kuartetoa. Segidan M. Portal agertu zen eszenan eta J. Brahmsek klarinete eta hari instrumentuentzako idatzitako kintetoa jo ziguten. Klarinetearen luzimendurako idatzitako kontzertu honetan Portal handizki luzitu zen jazzeko ukitu batzuk tartekatuz.

Bigarren partean, Mozarten klarinete eta hari instrumentuetarako idatziriko kintetoa (K581) interpretatu ziguten. Maisulan honetan gertatzen da, hain zuzen, lehen aldiz Mozartek klarinetea harizko laukoteari lotzea. Lehen joaldia, allegretto, oso musika ezeagunarekin hasten denez, entzuleak berehala bat egin zuen obran murgiltzen utziaz. Gero, harizko instrumentuak sordinarekin ari direnez, larghettoak daukan fintasunak, menuetoaren dotoreziak, eta finalean dauden kolore eta alaitasunak klarinetea luzimendura bultzatzen dute. Jarraitu zion publikoaren txalo zaparradak kontzertua luzatzea ekarri zuen. Portalek hitza hartuz okasiorako obratxo bat egina zuela adierazi zuen, hots, “Insouciance en fa” deitu zuena, eta laukotearen laguntzarekin jo zigun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo