Ahalegin kolektiboaren parte ez, parte-hartzaile izan behar dutelako
Ezker abertzalearen ekimena eta haren ondorioak gutxiesteko saioak ez dira asteburu honetako kontua bakarrik izan. Iragan astean Vocento taldeko egunkariek ezker abertzalea eta Eusko Alkartasuna lantzen ari ziren hitzarmen bat argitaratu zuten. Filtrazioaren ardura ezezaguna den arren, asmoa erraz antzeman daiteke: herri honetan sukaldeko lanean eta politikarako baldintza minimo zinez eskasetan lantzen ari den bidea oztopatzea, bide hori zabaltzen ari direnek jasan beharreko presioa areagotzea, egindako urratsak eta biderkatuko dituzten konpromisoak «beste aukerarik ez dutelako» eginak direla gizarteratu nahian. Edo hobeto esanda, aukera bakarreko apustuan: ETAri desager dadin eskatzen ez badiote, ez da politikarako aukerarik zabalduko. Gerra psikologikoa da, hartu duten bide zuzenetik ateratzeko zitalkeria, apustua bere onetik ateratzen denak galduko duela jakitun direlako.
Alderdi abertzaleak, ordea, probokazio ororen gainetik, beren azterketa, konbentzimendu eta erabaki propioetan bidea egiten ari dira. Independentismoa gorpuztu eta independentziarako egitasmo zehatz eta gauzagarria mamitu dute hitzarmen estrategikoarekin. Jakin badakitelako ezker independentista ez dela gatazka konpontzeko elkarte soil bat eta gatazkaren konponbideak abiapuntu berri bat dakarrela berekin, egitasmoak gauzatzeko aukera berdintasuna, eta herri honetako aukera politiko ezberdinen arteko adostasun berri bat, lur politiko komun berria zedarrituko duena. Konponbidearen azken emaitza ez delako abertzaletasun gehiago, baizik eta zinezko demokrazia. Eta baldintza horietan independentismoak zeresan ugari izango du, dudarik gabe, herri honen etorkizuneko espazio politiko erabakigarria izango baita.
Orain minimo demokratikoen erronka dute esku artean. Hala eskatzen du egoerak, eta hobeto ulertzen dira gertaera-segida eta norabide egokia. Aldaketa prozesuak norabidea bezain garrantzitsu ditu abiadura eta denbora. Horrekin jokatzen ikasi beharko da. Besteen parte-hartzea eskatuz, bai, baina horrek berarekin dakarren exijentzia bermatuz ere bai. Minimoak zehatz eta xumeki adieraziz eta garapenerako aukeraz betez, indar herritar bizkor batez hornitzeko. Eskubide zibil eta politikoen eskaera modu ofentsiboan kudeatzeko. Urrats berri eta egiaztagarriekin. Denon partetik. Ahalegin kolektibo honen parte ez, parte-hartzaile izan behar dutelako guztiek.