«Badakit 38 urterekin gerra ematen jarraitzea oso zaila dela, baina saiatuko naiz»
Buruz buruko erremontean, hamar aldiz txapeldun
Gutxi izango dira munduan, beren kirol arloa edozein delarik ere, hamar aldiz lehiaketa nagusia irabazi duten kirolariak. Lesioak direla-eta, azken txapela janztea ikaragarri kosta zaio Doneztebeko pilotari handiari, baina behar bezala ospatu eta gero, 38 urterekin hamaikagarrenaren bila lanean hasteko prest agertu da, nahiz eta «dosifikatu» beharra izango duela ondo jakin.
Jon ORMAZABAL
Adinaren zama nabaritzen duela onartu arren, Koteto Ezkurrak oso argi dauka atzetik datozenek kendu beharko diotela txapela. Badaki gazteek izan behar dutela erremontearen etorkizuna eta pozik da San Miguelen edota Urrutiaren agerpenekin, baina bitartean, kantxan lana emateko betiko ilusioari eusten dio Doneztebeko aurrelariak.
Hamargarren txapela behar bezala ospatu al zenuen?
Gure herrian zarata asko atera zuten eta ongi ospatu genuen. Jarraitzaile ugari eraman nuen Galarretara, eta gero Donezteben ospatu genuen. Ez dakit azkena dela pentsatzen ote duten, baina su artifizialak eta guzti izan ziren, txaranga...sekulako festa antolatu zuten.
Nahiz eta galtzailea ere Doneztebekoa izan?
Bai, bakoitzak bere festa antolatua zuen. Gu 80 bat inguru bildu ginen, sekulako harrera izan nuen eta parranda latza. Oso ondo pasatu genuen, ondo afaldu eta gero, parranda.
Aurretik ere nahikoa txapela ospatutakoa zara, baina hamargarren hau berezia izan al da?
Bai, hainbeste urtetan irabazi gabe, kristoren gogoa nuen lortzeko. Gainera urteak pasatu egiten dira eta azken aukera bezala ikusten dute askok, eta oso gustura. Azken urteetan beti izan dut zerbait, lesioak edo beste zerbait suertatzen zen eta amorruz ospatu dugu.
Ez dirudi zuretzat azkena izan denik. Hamaikagarrenaren bila joateko indarrik eta gogorik bai?
Indarra bai, baina urtebete pasa behar da eta orduan ikusiko dugu nola gauden. Ni orain oso ondo nago, aurten izan nuen arazotxo bat hasieran, baina zorte txar kontua izan zen eta erakutsi dut oraindik hor nagoela eta gerra emateko prest. Gazte hauen aurka buruz buru jokatzeko ehuneko ehuna eman behar dut. Oso indartsu daude, arinak dira, asko jokatzen dute eta nik oso ondo prestatuta egon behar dut. Datorren urtean, jada 38 urterekin ez dakit nola egongo naizen.
Garai bateko txispa edo abiadurarik ezean, askok esaten dute sakean asko hobetu duzula aurtengoan. Hala da?
Nire aurtengo jokoan sakea gakoa izan da. Gero, piloteoan-eta ondo defendatzen naiz, baina gazteek duten txispa, kolpea eta abiadura ez ditut hainbeste. Bestetik, badut esperientzia, eta sakearekin asko hobetu dut. Hortxe egon da txapelaren parte handi bat.
Kirol profesionalean gero eta txapeldun gazteagoak ikusten ditugu, nahiz eta puntaren puntan gutxiago irauten duten.
Gauzak oso zailak dira eta ez dakit nola esan, baina erremontean zorte txar handirik izan ez dudala iruditzen zait. 15 urtetan 13 final jokatu eta 10 irabaztea oso zaila da, gauza anitz suertatu behar dira eta nik zortea izan dut. 38 urterekin gerra ematen jarraitzea oso zaila dela badakit, baina saiatuko gara.
Gazteak gainera oso indartsu datoz. San Miguel bera orain arte partidarik irabazi gabea zen txapelketa nagusian eta lan handiak eman zizkizun finalean.
Hori oso ona da, etorkizuna ikusten zaiolako kirolari eta horrek ematen diolako saltsa erremonteari edo beste edozein kiroli. Gazteak etortzen dira, zarata handia egiten dute eta beraiek dira punta-puntan egon behar dutenak. Etorkizuna eurak dira, baina guk gurea ematen jarraituko dugu.
Nabarmentzekoa da gainera, Galarreta aspaldi ez bezala bete zela eta jende gazte askorekin gainera.
Ikusi zen morbo apur bat dagoenean jende gaztea azaltzen dela. Horretarako, pilotari gazteak eta izarrak irten behar dira, Urrutia eta San Miguel bera irten dira eta horrela jarraituz gero, izango da etorkizunik.
Nola ikusten duzu erremontearen etorkizuna? Aro berri honek on egin dio?
Egoera asko aldatu da enpresa berriarekin. Jende gaztea etorri da ilusio berriarekin eta azkenean horrek kutsatu egiten zaitu. Gu ere beste era batera sartu gara eta proiektua indar guztiz babestu dugu. Ez dakit zenbat urte iraungo dudan, baina dena emango dut, batez ere erremontea aurrera bultzatzeko.
Horrek zure jokoan ere eraginik izan du? Aurreko etaparekin ez zenuela oso gustura amaitu ere entzuten da.
Lehengo enpresarekin oso ondo moldatzen nintzen, baina lehen beti botila erdi hutsik ikusten zen eta orain erdi beteta. Buru aldetik oso garrantzitsua da, gauza bat goitik behera datorrela ikusten duzunean ea noiz bukatuko den pentsatzen duzulako. Orain beste aldean gaude, ilusioz eta beti gora begira.