GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Jaio da arte eszenikoen laborategia, artistak hezteko proiektu berritzailea

Artearekin zerikusia duten hainbat alor landu eta horietan sakontzeko zabaldu ditu ateak gaur Donostian Marga Altolaguirre Arte Eszenikoen Laborategiak. Ez da eskola, ezta akademia ere, eduki teorikoez haratago, proiektuak gauzatuko baitira. Altolaguirreren arabera, «Euskal Herrian dagoen hutsunea betetzeko» zabaldu da, izan ere, arlo horretako ikasketak egin nahi dituztenek kanpora joan behar izaten baitute ezinbestean. «Heldu da hori aldatzeko ordua».

p048_f01_97x115.jpg

O. LARRETXEA |

Euskal Herrian arte eszenikoen hezkuntza alorrean dauden «hutsuneak betetzeko» asmoz zabaldu du Donostiako Herrera auzoan Marga Altolaguirre aktoreak bere izena daraman laborategia. Izan ere, ez da akademia, ez eskola, ezta ikasketa zentro bat ere. Bertan, antzerkia, kantua, ahotsa, dantza, sormen kolektiboa eta tankerako arteak irakatsiko dira, baina asmoa eskola hutsez haratago joatea da. Xedea edukiak sortzea da, «ez baita nahikoa ikasgelan ordu batzuez arreta jarri, eta gero bakoitza bere etxera joatea». Hartara, besteak beste, arteen inguruko hausnarketak, hileroko memoriak eta proiektuak, antzezlanak ikusteko irteerak egingo dituzte ikasleek eta kritika ere landuko dute. «Niretzat aktorea artisaua da, eta hori da irakatsi nahi duguna», baieztatu du Altolaguirrek.

Laborategia ez da, ordea, aditu edo profesionalei soilik zuzendutako lekua. Altolaguirrek nabarmendu duenez, mota guztietako jendea bertaratu daiteke; esaterako, antzerkia edota dantza ikasi nahi duen edonor, «baina argi izan behar du hemen lan handia egingo duela eta benetako konpromisoa eskatzen dugula». Klaseez gain, materian aditua den «jende ospetsua» joango da laborategira bertara ikasleekin elkarlanean aritzera.
Inaugurazioa gaur, 19.00etan, izango da, Elosegi hiribideko 114. zenbakian. Eskolak, berriz, astelehenean, irailaren 13an hasiko dira, nahiz eta hilaren bukaera arte matrikula epea zabalik dagoen. Zentzu horretan, laborategiko Altolaguirre pozik agertu da ia tokirik ez dagoelako.

Antzerkiak egun pairatzen duen egoeraren inguruan, bere esanetan, arazoetako bat geure gizartean «kulturaren kultura» ez izatea da eta, horren ondorioz, mundu honekin lotura duen zerbait ikasi nahi duenak kanpora joan behar du ezinbestean. «Hori aldatzeko ordua dela uste dut, birzikla dadila aktorea izatearen kontzeptua». «Traste guztiak hartu behar ditugu berriz ere eta herriz herri emanaldiak eskaini, berriro hezteko. Alegia –jarraitu du–, aktoreak ez du bekaren zain egon behar, ‘Egin ezazu merezi duen ikuskizuna eta joan zaitez herri herri hura erakustera’».
 
2016a, «barregarria»

Egungo egoeraren harira, Altolaguirre oso kritiko agertzen da Donostiak 2016an Kulturaren Hiriburu izateko aurkeztu duen hautagaitzarekin. «Ez dakit barre edo negar egitekoa den». «Arte eszenikoez ari gara, baina badirudi guretzat kultura jatea eta edatea dela. Ez da nahikoa urtean behin zinemaz edo musikaz oroitzea», kritikatu du. «Ez dut ezer Zinemaldiaren aurka, baina adibidez, Julia Roberts etorriko da sekulako dirutza ordainduta,  eta etxeko aktoreei, ordea, ez zaie ezer ematen. Dena itxura zaintzeko egiten da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo