Ijitoen kanporaketekin, Sarkozyk ustelkeria salaketak estali nahi ditu, besteak beste
Europako Parlamentuak gogor salatu zuen atzo frantziar Estatua ijitoekin izaten ari den jokabidea. Beren kanporatze sistematiko eta antolatua oinarrizko lege europarren aurkakoa dela salatu zuen Parlamentuak eta, ondorioz, Sarkozyren Gobernuari kanporaketak bertan behera uzteko exijitu zion. Europako Alderdi Popularrak adierazpenean Frantziari egindako erreferentzia zuzenak alboratu nahi zituen, baina oraingoan alderdi liberal eta ezkertiarrek ez zuten amore eman.
Parisek ere ez du amore eman nahi eta, Europako Parlamentuaren adierazpena gaitzesteaz gain, «segurtasun-politikan» ez dutela atzera egingo baieztatu zuten bertako agintariek. UMPko agintarien kezka nagusia orain ez baitira ez ijitoak ez Europa, baizik eta Woerth-Bettemcourt auziaren harira alderdiaren aurka irekia den ustelkeria salaketa. Atzo bertan Fiskaltzaren eskariz Poliziak Parisko egoitza miatu zuen.
Ijitoek lapurreta txikiak egiten dituztela aitzakia hartuta, Sarkozyk bere alderdiak egin duen lapurreta handia ezkutatu nahi du. Gainera, inkestek UMP eskuin muturraren mesedetan indarra galtzen ari dela esaten ari direnean, ijitoen aurka jotzea sozialki ondo ikusia omen dago.