GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Lemazain horiekin, nora zoazte?

Estropadak jokatzen ari zirela heldu zen bideo bidezko adierazpena, eta ordutik ikusi, entzun eta irakurritakoak kontuan hartuta, ematen du askori gehiegi kostako zaiela ziaboga egitea. Esan liteke, baten batek Atlantikoa ere gurutzatuko duela lema mugitzeko gogo falta edo ezintasunaren ondorioz.

Traineruak lehorrera iritsiak ziren Lakuako agintari nagusiak balorazioa egin zuenerako. Ez dut esango jada ohituta nagoenik, baina Rodolfo Ares kamera aurrean ozpinduta ikustea ez da berria. Gizaseme batzuk txakur kaka zapaldu izan balute bezala ibiltzen dira une oro, eta horregatik ez ninduen harritu poliziaburua su-eten agiria ekintza armatu bat izango balitz bezala baloratzen ikusteak.

Deigarriagoa egin zitzaidan Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen agerraldia. Ez dugu esango Iñigo Urkullu pertsona bereziki adierazkorra denik, are gehiago, Alderdi Eguna delakoetan ere oso bihotz gutxi hunkitzen dituela esango nuke. Horregatik, hedabideen aurrean agertu zuen haserre plantak antzezpen puntu bat bazuela uste dut. Baina, zergatik haserre agertu Euskal Herriko biztanle gehienek begi onez hartu duten berri baten aurrean? Izan ere, bata eta bestea ikusi, eta zaila egiten zait Aresen eta Urkulluren balorazioen artean desberdintasunik topatzea. Eta jakin nahiko nuke hori ote den alderdi jeltzaleak euskal gizarteari eskainiko diona. PSOEren adierazpenen «fotokopiak» egitea, alegia. Bakoitzak jakingo du zer egiten duen, adinez nagusiak gara denak, eta batzuek 110 urte beteak dituzte. Iñaki Galdos ere haserre antzean ikusi genuen, baina horrek nori axola dio?

Argi dago Madril aldetik datorkigun eskaintza egurra dela, eta gero eta botere esparru txikiagoa izanda, papur horiek mantendu nahi dituztenek bultzatu baino traba gehiago egingo dutela. Baina badakigu batzuek zein besteek ez dutela jada botoi berderik zein gorririk kontrolatzen. Beraientzat kalte, Santa Klara uhartean buelta eman ordez Azoreetan eman behar badute. Kaira heltzen direnean, han aurkituko gaituzte. Eskua luzatuta eta estropada irabazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo