GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Film laburrak eta masterclass-ak, Zinema Ikasleen Topaketan

Hamabi herrialdetako hamalau zentrotako hamalau film laburrek parte hartuko dute aurten IX. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan, Zinemaldiaren baitan. Horrez gain, transmedia eta 3D zinemari buruzko tailerrak egingo dituzte profesionalen eta ikasleen artean.

p041_f01_148x100.jpg

Ariane KAMIO |

Bederatzi urte daramatza Donostiako Zinemaldiak etorkizuneko zinema zuzendariei jaialdian bertan tarte berezi bat eskaintzen. Aurtengoan, ez da aldaketarik izango. Guztira, hamabi herrialdetako hamalau zentrotako film labur bana hautatu du Zinemaldiak IX. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartzeko. Hala nola, Alemania, Argentina, Kolonbia, Kuba, Txile, AEBak, Estatu espainola, Finlandia, Israel, Polonia, Britainia Handia eta Singapurreko gazteak izango dira Donostian irailaren 22tik 24ra bitarte.

Zinemagile gazteei profesionalizatzen laguntzeko helburuz, hautatutako lanak jendaurrean eta Zinemaldira gonbidatutako profesionalen aurrean emango dira. Epaimahai berezi batek, topaketan parte hartuko duten eskoletako ikasleez osatutakoak, eta aurten Danis Tanovic zuzendaria buru izango duenak, Panavision sariaren irabazlea hautatuko du. Irabazleak, bere hurrengo proiektua azpiegitura profesionalekin egiteko aukera izango du.

Tailerrak edo masterclass-ak

Topaketaren programa masterclass jardunaldi batek osatuko du. Irailaren 22an, asteazkenez, izango da, eta ikus-entzunezko industriaren joera berriak izango ditu ardatz. Aurtengoan, transmedia narratibari eta 3D zinemari buruzkoa izango da.

Transmedia masterclass-aren helburu nagusia istorioak kontatzeko modu berri bat ezagutaraztea da, ikus-entzunezko ekoizpena, aisialdia eta entretenimendu digitalean iraultza eragin duena. Lance Weilek inauguratuko du hitzaldi sorta, eta haren atzetik, Robert Figuerasek eta Ian Ginnek hitz egingo dute.

3D zinema tailerrari dagokionez, Manolo Gomez, Dygra Films-eko presidenteak, 3D zinema digitalari buruzko masterclass-a gidatuko du. «Holy Night!» filma -Belodromoan erakustekoa zen, baina bertan behera geratu da- izango da landuko den gaietako bat. Tailerra osatzeko, Panavisionek «The Krostons, Masters of the Universe» filmaren irudi batzuen primizia emango du eta bertan erabilitako teknikak ezagutarazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo