AIPAGARRIAK
Garazi Kamiorentzat Igartza, «Gerizpeko panpinak» lanagatik
Garazi Kamiok eskuratu du aurten Igartza literatur saria «Gerizpeko panpinak» ipuin liburuaren egitasmoagatik. Errealitatean erabat txertatutako zortzi-hamar istorio sortuko ditu andoaindarrak, egunerokotasuneko estereotipoetan mozorrotutako bizimoduak biluztuta eta bizitzaren antzerkian eten bat eginda. Urtebeteko epea du orain, proiektua garatzeko.
A. K. |
Hamahiru lan aurkeztu dira aurten Igartza sariketara, eta Garazi Kamioren (Andoain, 1979) lana hautatu du Igor Estankona, Xabier Etxebarria eta Karmele Jaiok osatutako epaimahaiak. «Gerizpeko panpinak» izenburupean, ipuin liburu bat osatzea du helburu idazle andoaindarrak. Atzo arratsaldean jaso zuen saria Beasaingo Igartza jauregian; sariaren erdia (3.000 euro) eskuratu zuen eta, aurrerantzean, urtebeteko epea izango du egitasmoa garatu eta Elkar argitaletxearen eskutik alea kaleratzeko. Sariaren bigarren zatia datorren urteko sariketan jasoko du. Atzokoan, Uxue Apaolazari -berak ezin izan zuen ekitaldian izan- egokitu zitzaion iaz eskuratutako sariaren erdia jasotzea.
Errealitatean erabat murgildutako istorioen laginak aurkeztu ditu Garazi Kamiok epaimahaiaren aurrean. «Inguratzen gaituen gizartean soinean daramatzagun estereotipoetatik biluztu ditut nire pertsonaiak. Eguneroko bizitzan, antzezlan batean murgilduta bizi gara, antzezten igarotzen ditugu gure egunak, eta hortik dator izenburuaren esanahia; gerizpean bizi garen panpinak besterik ez gara, gizartearen aginduetara bizi garenak», esan zuen idazle andoaindarrak prentsaren aurrean. Bere iritziz, une batzuetan «dagokiguna antzeztea ahazten zaigu, eta hor ikusarazten dira benetan bizitzan bakoitzak jokatzen dituen rolak zeintzuk diren, eta urteetan bizitakoak zein norabidetarantz eramaten gaituen».
Kazetaria afizioz eta ofizioz, literaturzaletasuna txikitatik berarekin batera doan gustuko aisialdiko ekintza dela aipatu zuen. Ikus Entzunezko Komunikazioan lizentziatua, kazetaritza azken urteetan «hobby» bezala hartu izan duela aitortu zuen, nahiz eta beti izan duen idazteko eta irakurtzeko sena. Kasik 31 urte beteta irabazi du andoaindarrak Igartza saria, eta orain arte sariketara aurkezteko «adorea» falta izan zaiola nabarmendu zuen.
«Azken urte erdian bizitzan igarotakoek eta bertan izandako kasualitateek eraman naute nire burua bertan aurkeztera. Ohorea da niretzat saria jasotzea, jakinda, batez ere, Euskal Herriko hainbat idazle esanguratsuk irabazi dutela sari berbera. Ilusioz baina beldurrez irentsi nuen albistea, baina aurrera jarraitzeko pisuzko arrazoi ugari ditut», esan zuen.
Estreinako alea datorren urtean kaleratuko du Elkar argitaletxeak, eta orain urtebeteko epea du bere lana ondu eta biribiltzeko.