Espetxe politika «kriminala» amaitu dadila eskatu du Etxeratek
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak kaleratu ez izana, senideen aurka darabilten isolamendu politika areagotzea eta elkartasuna eta oinarrizko eskubideen defentsa kriminalizatu nahi izatea dira, besteren artean, presoen egoera are larriagotu duten faktoreetako batzuk, Etxerat elkartearen ustez. Urtero bezala, atzo, Arantzazuko santutegiraino gerturatu ziren instituzioetako ordezkarien aurrean elkarretaratu ziren senideak.
GARA |
Urtero legez, euskal presoen senide eta lagun ugari elkartu ziren atzo Arantzazuko santutegiaren atarian, preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko eta instituzioetako ordezkariek duten erantzukizuna nabarmentzeko. Era berean, gaixotasun larriak dituztenak eta kondena betea dutenak askatzeko eta, oro har, eskubide guztiak bermatzeko eskakizuna egin zieten Elizako, Aldundiko eta Lakuako ordezkariei.
Etxerat elkarteak aditzera eman zuenez, azken hilabeteetan euskal presoen egoerak «okerrera egin du» eta hori eragin duten arrazoien artean honakoak aipatu zituen: «Gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak eta zigorra beteta dutenak ez kaleratzea, senideen aurka darabilten isolamendu politika areagotzea, elkartasuna eta oinarrizko eskubideen defentsa kriminalizatu nahi izatea edota senide eta lagunon aurkako jazarpenak areagotu izana».
Zentzu horretan, espainiar eta frantziar estatuen estrategiaren inguruan honakoa gaineratu zuen Etxeratek: «Senide presoen bizitzarekin jolasean jarraitzeko asmoan sakontzen ari dira. Gero eta inpunitate eremu zabalagoa sortzen dihardute eta horretan gu eta gure senideen oinarrizko eskubideak etengabe kolpatzen. Gainera, kalera ateratzea ere oztopatzen digute». Horra hor, senideen presentzia kaleetatik «ezabatu nahi izatea edota mobilizazioak debekatu izana», salatu zuten. Larunbaterako Bilbon eskubide zibil eta politikoen alde deitua dagoen manifestaldia debekatu izana da horren azken adibidea da, Etxerat elkartearen aburuz.
Instituzioen ardura
«Inpunitate eta eraso» horien guztien aurrean kokatzen ditu Etxeratek Arantzazuko Santutegira gerturatu ziren instituzioetako ordezkariak.
Alde horretatik, eurek eta kartzelan dituzten senideek pairatzen duten sufrimendu etengabea ordezkari horien erantzukizun zuzena dela adierazi zuen Etxeratek.
Hartara, euskal presoei ezartzen dieten «espetxe politika kriminala» bertan behera geratzeko ekintzak abiaraz ditzatela exijitu zieten atzo elkarretaratutakoek. Senideek bizi duten errealitate krudelaren aurrean, «beren ardura nahitaezkoa» dela deritzo Etxerat elkarteak.
Etxerat elkarteak deialdi zabala egin nahi izan zion atzo euskal jendarte osoari, senideen oinarrizko eskubideen defentsan «neurri eta konpromisoak har ditzaten». «Denon ardura baita elkartasuna areagotzea eta oinarrizko eskubideak errespeta ditzatela exijitzea. Egoera berri batera eramango gaituen presio sozial geldiezina sortu behar dugu», aldarrikatu zuten. Datozen asteetan Euskal Herriko eragileei «modu zuzenean» dei egiteko asmoa dutela plazaratu zuten, «bakoitzak bere esparrutik, euskal presoen eskubideak errespetarazi ditzakeelako».
Datorren igandean, Donostian, estropada egunaz gozatzeaz gain, euskal preso politikoen egoera salatzera dei egin du amnistiaren aldeko mugimenduak. Presoei ezarri dieten «muturreko egoerak» indarrean jarraitzen duela gogora ekarri eta espetxeetan egoera «zinez larria» dela nabarmendu zuen amnistiaren aldeko mugimenduak ohar batean. Sakabanaketa, isolamendua, bizi arteko zigorra eta gaixotasun larriren bat dutenen aurkako zigorrak aipatu zituzten adibide gisa.
Hori dela-eta, urtero bezala, estropada egunean presoekiko elkartasuna kalera ateratzera dei egin du amnistiaren aldeko mugimenduak. «Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaldu den honetan, euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimena indartu behar dugu datozen hilabeteotan. Frantziar eta espainiar gobernuek dituzte espetxeetako giltzak, eta ezinbestean bi gobernu horiei presioa egin behar zaie espetxeetako ateak ireki ditzaten. Abian den prozesu politikoak amnistiarainoko bidea egin behar du ezinbestean», nabarmendu zuten igorritako prentsa oharrean.
Euskal presoekiko elkartasunak eta beraien eskubideen aldeko mezuak Euskal Herri osoa «busti» behar duela adierazi zuen amnistiaren aldeko mugimenduak, «hasi unibertsitate eta lantegietatik eta erakunde, kale eta jai guneetaraino». GARA