GARA > Idatzia > Ekonomia

EHLGren lana «gorpuzten eta zabaltzen» ari dela goraipatu dute egiturako ordezkariek

Finkatuak dituen lan sailak «gorpuzteaz eta zabaltzeaz» gain, Laborantza Ganberak, «sortzen diren beharrei» erantzuteko, lan arlo berriak irekiko ditu. Datozen hiru hilabeteei begira hitzorduak finkatu ditu.

p020_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Laborantza Ganberaren sartzeari begira, ondoko hilabeteetako lan ardatz eta ekitaldi nagusien berri eman zuten atzo egiturako ordezkariek. Michel Berhocoirigoin lehendakariak gaur egun egiturak dituen lan sail nagusiak etengabe «zabaltzen eta gorpuzten» ari zirela nabarmendu zuen. Laborantza politika, balio erantsia, instalazio-transmisioa eta lurraldearen garapena dira Laborantza Ganberaren eguneroko lana betetzen duten lau sail garrantzitsuenak.

Izan ere, administrazioaren dosierrak muntatzeko edo transmisioaren sailean diagnostikoak lantzeko Laborantza Ganbera egiten ari den lana «ezagutua eta onartua» dela goraipatu zuen lehendakariak. «Sail horiek guztiekin segitzen dugu eta emeki gorpuzten ari dira», esan zuen Berhocoirigoinek. Sail horietatik at, egiturak «sortzen diren beharren arabera, lan ardatz berriak irekitzen» dituenez, ondoko hilabeteei begira antolatuko dituzten ekitaldi nagusien berri eman zuten ordezkariek.

Askotariko hitzorduak

Gaur arratsaldean, Suhuskunen belarrari buruzko saioa eginen dute, eta, bereziki «lurra irauli gabe ereiteko teknika» izanen dute gai. Irailaren 23an, berriz, Donapaleuko Saint Louis zinegelan arto ureztatzeari buruzko hitzaldia eginen dute. Bertan, «Pour quelques grains d'or» dokumentala proiektatzeaz gain, Benoit Biteau Poitou Charenteseko laborariak testigantza eskainiko du. «Laborantza Ganberaren baitan, ureztatze behar handia duen artoaren kultura bakarrari buruzko lan bat daramagu. Horrelako laborantza gehienbat Donapaleu aldean dago. Laborari zenbait ureztatzea gelditu eta alternatibak bilatzen saiatzen ari dira», argitu zuen Iker Elosegi EHLGko koordinatzaile nagusiak. Urriaren 16an, berriz, «egitura publikoen eragina laborantzarako lurren atxikitzeko» gaiaren inguruko ikastaroa eginen dute lekuko zinegotzi, kontseilari eta auzapezak gonbidatuta.

«Ohartu gara, hirigintzaz ari direlarik, askotan laborantzari zuzenduriko lurrak baztertuak direla», esan zuen, bestalde, Berhocoirigoinek.

Azkenik, abenduan, laborantza herrikoi eta iraunkorrari buruzko eguna eginen du Laborantza Ganberak. Hogeita bost etxaldetan egin den lanaren aurkezpena eginez, laborantza iraunkor eta herrikoia «Euskal Herrian bai ekonomikoki bai sozialki garatzea posible» dela erakutsi nahi dute. «Etxalde gehienak mota horretako laborantza egiten dute. Hogeita bost etxalde horien bidez, produkzio sistema ezberdinak azalduko dira», gehitu zuen egiturako lehendakariak.

Oraindik auzitan dauden dosierrak ere aipagai izan ziren atzoko agerraldian. Berri gutxi izan arren, horiek guztiak Laborantza Ganberaren «izenaren inguruan zegoen prozeduran oinarritzen» zirela gogoratu zuen Berhokoirigoinek. «Normaltasunera itzultzen ari garelakoan gaude», bukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo