GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Sanmateoetako torneoa

Traza klasikoa hartu du feriak 30. urteurrenerako

Titin III.ak Barriolarekin jokatuko du bikote mistorik gabeko txapelketan. Lau aurrelariren arteko partida berezi bat jokatuko da eta promesen buruz burukoa.

p029_f01.jpg

Jon ORMAZABAL I

Iazko eztabaida eta berrikuntzen ondoren, betiko itxura hartu du askorentzat udako feriarik garrantzitsuenak, San Mateok. Iaz enpresen eta agintarien artean izan ziren desadostasunak gaindituta, Logroñoko txapelketa Adarragara itzuliko da eta gainera, bikote mistoak aurtengo udan ezaugarri nagusi izan badira ere, azken honetan lehiaketa ere «betiko» moduan jokatuko da, hau da, enpresa bakoitzak hiru bikote aurkeztuko ditu, bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko onenek hilaren 26ko finala jokatuko dute.

Asegarceko ordezkari Iñigo Salbideak atzo aditzera eman zuenez, «txapelketa honetan egungo izar guztiek hartuko dute parte eta bertan enpresa bakoitzak bere interesak defendatuko ditu, esperimenturik gabe, eta guk gure aukerak izango ditugula iruditzen zait».

A multzoan Martinez de Irujo-Pascual, Xala-Zubieta eta Saralegi-Begino izango dira elkarren artean lehiatuko diren bikoteak, B multzoan aldiz, askok faboritotzat jotzen dituzten Titin III.a-Barriola (2003 eta 2008an txapeldun izandakoak), Berasaluze VIII.a-Apraiz eta aurtengo San Fermin eta Zarauzko feriak irabazi dituztenak, Oinatz Bengoetxea-Patxi Ruiz.

Gauzak horrela, Barriola eta Bengoetxea VI.ak udako onena izateko daramaten lehia orekatua -hiruna torneo irabazi dituzte, Donostiakoa gainera elkarrekin- ez da txapelketako finalean erabakiko, multzo berean daude-eta.

Bestalde, Iñaxio Errandoneak onartu zuen Asperi burutik pasa zaiola gazte errioxarren bati binakako txapelketan parte hartzeko aukera ematea, bereziki Merino II.ari, baina azkenean aukera atzera bota zuten, azkarregi izan daitekeelako.

Hamar egun

Feria luzea izango da Logroñokoa, orotara hamar pilota jaialdi antolatuko baitituzte Aspek eta Asegarcek. Binakako txapelketa hilaren 19 hasiko da eta 26ra arte luzatuko da, baina tartean izango dira osagarri interesgarri eta erakargarriak.

Esaterako, Gasteizko torneoan egin bezala eta parte hartzaile berberekin, gazteen edo etorkizunean izarrak izan daitezkeen pilotarien arteko buruz buruko txapelketa antolatu dute. Hilaren 17an, feriako lehenengoan, jokatuko dira bi finalerdiak, Lemuno / Galarza eta Andre Maria Zuriaren torneoan finalekoak, Albisu / Merino II.a.

Jaialdi honek ere izango du beste interes gune bat, izan ere, bertako estelarrean egingo du debuta aste honetan bertan Asperekin hiru urterako kontratua sinatu duen aurrelariak, Gorkak. Zubieta lagun duela, Rico IV.a eta Beginoren aurka jokatuko du.

Bestalde, aurtengo udan halakorik egin ez den arren, Sanmateoetako feriak izango du urteko sasoi honetan ematen diren partida berezi horietako bat. Izan ere, bigarren egunean, lau aurrelariren arteko dema prestatu dute. Bost koadroren barruan arituko diren pilotariak Titin III.a-Martinez de Irujo eta Berasaluze VIII.a-Bengoetxea VI.a izango dira.

Astebetera, final handiaren bezperan, beste lehia berezi bat izango da Adarragan, buruz buruko finalaren osagarri. «Marco Real desafioa» deitu dutenaren barruan, enpresa bakoitzeko bikote banak -oraindik aukeratu gabe daude- upategi horretako 1.200 ardo botila eskuratzeko aukera izango du.

Feria honetarako sarreren salneurria 20 eta 50 euro bitartekoa izango da -abonurik garestiena 355ekoa izango da- nahiz eta lehen eguneko sarrerak merkexeagoak izango diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo