GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

MAITALDIAREN XX. URTEURRENA

Dantzaren espiritua piztu duen jaialdia

Biarritzeko jaialdi nagusiak 20. urteurrena betetzen du aurten. Maitaldiak duela bi hamarkada sortu zenetik gaur egun arte Biarritzeko hirian dantza alorrean dinamika indartsua sortu du, bereziki Malandain Ballet Biarritz koreografia zentroaren sorkuntzari lotuta. Gaurtik abiatuta, eta hamar egunez, dantzaren inguruko ikuspegi eklektikoa eskainiko da Lapurdin.

p034_f01.jpg

Idoia ERASO |

Biarritzeko Portu Zaharreko hondartza balletaren lekuko natural bilakatuko du, urtero legez, gaur hasiko den Maitaldiak. Datozen hamar egunotan konpainia ugari igaroko dira oholtzatik, baina bakarrari dagokio 20. edizioari ongi etorria ematea. Zeregin hori Didier Deschamps koreografoaren Lorraineko Balletaren konpainiari dagokio, «Tragic Love» deitutako ikuskizunarekin. «A ze zortea duzuen!», hitz horiekin azaldu zuen koreografoak gaur egun, eta bi hamarkaden buruan, ikusleek Maitaldiari buruz ematen duten iritzia.

«Hasieran batean, jendeari Maitaldiari buruz hitz egiten genionean, Biarritzen jaialdirik ba ote zegoen galdetzen ziguten. Orain, aldiz, festibal honetara gatozela esaten diegunean, zortekoak garela adierazten digute», azaldu zuen duela egun batzuk Didier Deschampsek, Estatu frantziarreko dantza alorreko postu garrantzitsuena eskuratu duenak. Orain lau egun, gainera, Estatuko Dantza Zentro Nazionala hartzen duen Chaillot Antzoki Nazionaleko zuzendari izendatu zuten Deschamps.

Irekierarako Deschampsen aukeraketa ez da oharkabean egindakoa. Izan ere, festibalaren historiari, eta bereziki hirian sorturiko dantzaren inguruko dinamikaren ondorio izan den Koreografia Zentro Nazionalaren sorkuntzari loturiko pertsona da. Kasu gehienetan eskualdeetako hiriburuetan egoten den zentro koreografikoa, Parisen ezarri beharrean, Biarritzen ezartzeko konbentzitu zuen Kultura ministroa 1998an Deschampsek.

Jaialdiaren eta zentro koreografikoaren sorkuntzaren atzean izan zenak, Jakes Abeberryk, Biarritz Kulturako presidente eta hiriko zinegotziak, honela kontatzen ditu abenturaren lehen egunak: «Funtsezko xedea Biarritzeko bizitza kulturalak hogei urtez izan zuen zulo beltza betetzea zen. Nire nerabezaroko nostalgia sortu zitzaidan orduan. Garai hartan, udazkenean, bi hilabetez Cuevas markesak dantza ekartzen zuen gure karriketara».

Sentimendua egiazko proiektu gauzatu zen gerora: «Biarritz dantzaren ikuspegi eklektiko bati lotu nahi izan genion gero, bai jende ezaguna ekarriz, baita etorkizun handia zuten dantzariekin ere».

Azken bi hamarkadotan aldaketak izan ditu jaialdiak, bereziki iraupenari eta programazioaren zuzendaritzari dagokionez, baina hasieratik festibalean lanean izan den Biarritz Kulturako langile batek nabarmendu zuenez, «ez da oinarrizko aldaketarik izan. Zuzendaritzari dagokion norabide aldaketa izan da programazioan, baina kanpotik ez da oso nabarmena izan».

Zuzendaritza aldaketa duela bi urte gertatu zen, hain zuzen, orduan zuzendari zenak, Filgi Claveriek, bere kargua «indarrez eta gogoz kontra» utzi, eta Thierry Malandainek hartu zuen lekukoa. Aldaketa hori, lanean aritzeko orduan eta konpainiekin izaten den harremanean nabaritu dela adierazi du Biarritz Kulturak baina aldi berean, «jarraipenik» ere izan dela nabarmendu du.

Egoera «deserosoak» sortu zituen aldaketa honi buruz horrela mintzatu zen Abeberry: «Filgik festibalaren oinarriak ezarri zituen. Maila pertsonalean arazoak sortu ziren, baina ez dago gatazkarik, gure bideak banatu egin dira, besterik ez. Ezin baita ahaztu bera jaialdiaren historiaren parte dela». Abeberryri dagokionez, pozik agertu zen zuzendaritza aldaketarekin: «Filgi ikuskizun antolatzailea da eta programazio oso onak egin zituen. Bestalde, zuzendaritza gure artean dantzaren ordezkari nagusia den gizonaren esku uztea zentzuzkoa da. Gainera, Thierry Malandain koreografoa da eta, horrek beste ikuspegi bat eskaintzen laguntzen dio».

Jaialdiaren iraupenari dagokionez, murriztu egin da Maitaldia, eta gaur egun hamar egunetan ospatzen da lehen hiru astez luzatzen zen ekimena. «Laburragoa baina trinkoagoa da. Orain, egunero bizpahiru dantza emanaldi ikusteko aukera izaten da», adierazi du Abeberryk. Murrizketa horrek antolakuntzan dituen ondorioei erreparatuz, abantaila dela nabarmendu du Biarritz Kulturako langileak: «Arrazoiak ezberdinak dira, baina finean, errazagoa da horrela bai geuretzat, baita kanpoko jendearentzat ere, Maitaldira gerturatzen direnek egunak ekitaldiz beteagoak dituztelako».

«Hoteletako arduradunek esan digutenez, badira Biarritzera bizpahiru egunerako festibalaz gozatzera datozenak. Gutxi gorabehera ikusleen %40 herri eta hirietatik datoz, %30 Bilbo eta Bordele arteko eskualdeetatik eta gainontzekoak, kanpotik», azaldu du zinegotzi abertzaleak.

Dantzaren kultura

Begirada atzera botata, azken hogei urteetan euskal kulturaren parte den dantza ezarri baino, Biarritzen berpiztu egin dutela adierazi du Abeberryk. Maitaldia eta Malandain Ballet Biarritz Koreografia Zentro Nazionala dira kostaldeko hiriek dantzarekiko duten atxikimenduaren adibide ikusgarrienak. Zentzu horretan, zinegotzi abertzaleak nabarmendu du bi gune horien inguruan dantza eskola txiki askoren mailak gora egin duela eta azken urteotan teknika handiko dantzariak irteten ari direla bertako eskoletatik. «Dinamika berezia sortu da Biarritzen, oso hiri txikia da, baina gehienetan ez da ez Baiona ez Donibane Lohizuneko jendea, hemengoa baizik».

Jaialdia izan da kostaldeko hirian orain ikusten den dantzaren presentziaren oinarria, baina 1998an sortu zen Ballet Biarritz Koreografia Zentroa izan zen erronka horri jarraipena eman ziona. «Festibala sortzeko ideia izan nuenean aski fite konturatu ginen urtean zehar dantzaren presentzia egonkorra izatea derrigorrezkoa zela», baieztatu du Abeberryk.

Didier Deschampsi esker konpainia baten kokagune izateko proiektua zentro koreografiko izatera pasa zen eta egoerak «argiki» erakutsi zuen Thierry Malandainek izan behar zuela horren arduraduna.

Malandainek, Biarritzen bezala, kanpoan ere errekonozimendu handia lortu du eta, egun, nazioarte mailan emanaldi gehien egiten dituen konpainietako bat bilakatu du Ballet Biarritz. Hori dela-eta, estatu mailako sari garrantzitsua emanen diote gaur arratsaldean. Parisko Opera Ballet Nazionaleko zuzendaria den Brigitte Lefévrek Arte eta Hizkien ordeneko Ofiziala izendatuko du koreografoa.

Aurtengo programazioa urteurrenaren ospakizunari lotua dago. Deschampsen konpainiaren irekierak jaialdian dantzatuko duten «lagunekin» osatuko da. Maitaldiaren lehen edizioan egon zen Victor Ullateren Estatu espainiarreko Balletak nazioarteko konpainia handien ordezkaria izanen da. Damien Muñoz dantzari euskaldunak -etorkizun handiko dantzaria zenean-, festibalaren sostengua jaso zuen. Orain nazioarteko artista ezaguna den honetan, jaialdiarekin bat eginen du, Lionel Hoche eta Marie-Genevieve Masse artista ezagunek bezala.

Biarritzen hogei urtez garatu den dantzaren ikuspegi eklektikoaren bilduma gisa definitu daiteke aurtengo programazioa eta hori deskubritzeko prezio berezia eskaini dute antolatzaileek. Horrela eta, salbuespen gisa, aurtengo sarrerarik garestienak festibalak egindako urteak eurotan jarrita salduko dira.

Romeo y Julieta entre los ángeles de Malandain

Dentro del marco del festival, la compañía del programador Thierry Malandain, Ballet Biarritz, presentará su último trabajo, «Romeo y Julieta». Esta obra, que ya fue presentada en preestreno en el Teatro Romano de Verona ante 5000 personas, fue titulada en Italia como «Romeo y Julieta entre los ángeles». Basada en la obra de Berlioz, esta nueva versión será representada el sábado 11 en la Gare du Midi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo