GARA > Idatzia > Kultura> Musika

ANARTZA BILBAO I MUSIKAZALEA

Keith Jarrett ETA «su etena»

p044_f01.jpg

Musikari bikaina omen da Keith Jarrett, eta pertsona bitxia, ematen dituen zeresanen arabera. 1945eko maiatzaren 8an Allentownen (AEB) jaioa, bizirik den jazz piano-jotzailerik bikainena da askoren ustez, eta zuzeneko gogoangarriak eman izan ditu, hainbat E.H.-ko jaialdi nagusietan.

Gizon berezia ere bada baina. Aipagai izaten diren rock & roll izarrek baino eskari xelebreagoak egiteaz gain, Europako biretan, esaterako, Niza hartzen du erdigunetzat, eta bertan baino ez du lo egiten (Donostian zein Montreuxen jo).

Zuzenean, zaleei lepoa erakutsiz jotzen du sarri, pianoan imintzioka eta oihuka. Eta gai da hotsik txikiena aditu edo argazki kameraren bat ikusi bezain pronto aretoa utzi eta emanaldia bertan behera uzteko ere! Horrela egin zuen 1986an Gasteizen (hamar minuturen buruan itzuli zen oholtzara, eta orduko kritikek «Jarrettekin jolastea suarekin jolastea da», bota zuten), eta Donostian ere beldur bera zuten antolatzaileek, 2007ko azken bisitaldian. Orduan Gary Peacock (kontrabaxua) eta Jack DeJohnette (bateria) kideekin jo zuen 2005ean Donostia Jazzaldia Saria lortu zuen piano-jotzaileak (Charles Mingusekin -in memoriam- erdibana jasotakoa), azken 25 urteetako jazz hirukote trebeena direla ospatuz.

Egunotan albistegietan izan da berriro Keith Jarrett gurean, ETA erakundeak BBCra eta GARA egunkarira igorritako bideo/agirian bere pianoa entzuten baita. Horrela agertu du Zuzeu.com atarian Ka izena darabilen aditu politika/musikazale batek: «Orain arte inork ez dio garrantzirik eman ETAk azken bideoaren hasiera-amaieran jarri duen musikari. Keith Jarrett-en «The Köln Concert» izeneko diskotik hartuak dira pasarteak. Ezaguna denez, Kolonian, 1975eko urtarrilaren 24an eskainia eta grabatua da disko hau». Bigarren mezu batean, urte eta hilabete horretan «jarri zen abian hizpidean dagoen erakunde armatua gaur egungo formatu ideologikoarekin, aurreko hilabetean gauzatu baitzen (m) eta (pm)-ren arteko hausketa», dio Ka-k, eta urrunera darama gero azterketa, diskoaren bigarren parteko `A' atalak 15 minutu zituela (aurreko su etenak iraun zuen hilabete tarte bera Ka-ren aburuz, -2006ko martxotik 2007ko ekainera-) eta ... orain erabilitako pasarteak -bigarren parteko `B' atalak- 18.13 minutu dituenez, «18 hilabeteko epea uzten du negoziazioak burutzeko, 2012ko martxora arte, gutxi gorabehera» iritzita. To!

Are gehiago, ETAren bideoan agertzen diren hiru enkaputxatuak Peacock, DeJohnette eta Jarrett bera izango ez ote ziren ere aztertu omen dute, eta aukera zokoratu -gurean inoiz jo izanagatik ere, Jarrettek ez ei du euskara askorik ikasi-eta-.

«Artistek edozer sor dezakete ezerezetik, baita alderantzizko bidea egin ere», adierazi digu, bestalde, Keith Jarrett berak: «gure burua aurkitzeko isiltasuna behar dugu».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo