GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Amuek zulaturiko itsasoan

Boterearen medioen amu guztietan jausten jarraitzen dugu eta horren errua amuak abileziaz prestatzen dituzten horiena izateaz gain, errazegi hozka egiten dutenena ere bada. Gero eta buztanbeltz gutxiago eta lazun gehiago dagoela dirudi

«Telebista oso hezitzailea dela uste dut: norbaitek pizten duen aldiro, nire gelara joan eta liburu on bat irakurtzen jartzen naiz» (Groucho Marx)

Amuak. Norbait arrantzan ikusten dudanean haurtzaroko uda haiekin oroitzen naiz. Etxean senideek eginiko aparejuekin portuko eskaileretatik arrantzan igarotzen genituen arratsalde eguzkitsu luzeekin. Beti deitzen zidan arreta, guztiak itsaso bereko arrainak izaki, bat eta besteen arteko desberdintasunak, batez ere amuen aurrean zuten jokamoldeetan. Buztanbeltzek adibidez, amua ezkutatzen zuen garnata zatia ongi aztertu eta bere inguruan buelta ugari eman eta hozka txiki anitz egin ostean hartzen zuten erabakia. Lazunek aldiz, bi aldiz pentsatu gabe egiten zieten hozka handi eta definitiboa botatzen genien guztiari, garnata zatirik gabeko amu hutsak barne.

Komunikabideen mundua etorri zait burura haurtzaroko irudi horien artean. Egun inoiz baino komunikabide gehiago ditugu herritarrok (ustez) gure zerbitzura: egunkariak, irratiak, telebista, Internet... Bakoitzaren barneko medio kopurua ere gorantz doa. Haatik, komunikabideen antzezlanean telebistak jarraitzen du protagonista nagusiaren paperean. Ezin uka daiteke, beraz, telebistak duen eragina eta boterea. Botere horretaz lehen unetik jabetu zen benetako Boterea eta bere onurarako erabiltzeari ez dio utzi. Ildo horretan, telebistaren fenomenoaren inguruko hainbat gai aztertzeko modukoak dira:

Informazioa? Datuen manipulazioa, mutazioa. Errealitatearen ukazioa. Gizartearen alienazioa. Nahi duten informazioa helarazten digute, eurei komeni zaien moduan, nahi duten momentuan. Baina kontatzen dena baina larriagoa da kontatzen ez dena, isilarazi eta ezkutatzen den guztia. Ezinbestekoa da gutariko bakoitzak medio alternatiboen informazioa lortu eta kontrastea burutzeko esfortzua egitea.

Pasibotasuna. Mugimenduari katea. Indiferentzia. Irudimenari sententzia. Jendarte geldo eta obedientea erdiesteko estrategian oinarrizko zutabe da telebista. Reality show-ak, telenobelak... eta beste ezer ez dagoelako ohiko aitzakiapean milioika biztanlek kontsumitzen duten programazio guztia. Zer erakusten dute? Zein da saio horien funtsezko helburua? George Orwell idazlearen «Animal Farm» eleberrian ongi islatzen da agintariek zein tresna erabiltzen duten mugitzen eta parte hartzen hasi den taldearen kontzientziarekin eta dinamismoarekin amaitzeko... Bitartean, irakur zein natur zaletasuna edota gizarte mugimenduen indarra ez daude garairik onenean.

Sinesgarritasuna. Telebistak igorritako dena onartu eta sinesten da, egia absolutuak lez. Ez da hausnarketarik burutzen, filtrorik pasatzen. Ondoren, gainera, telebistak kontatutakoa sutsuki defendatzen da jendearen artean, dogma bat bailitzan. Fundamentalisten gisara, begiekin ikusi edo bizitzen duguna ukatzera iritsi gara, telebistak kontrakoa badio. Eduardo Galeanok benetan emandako gertakari bat aipatzen zuen horren inguruan: nola itsua zen amona edadetu bat, banku bat eraso eta lapurtzeagatik atxilotu zuten. Bere bizilagunek bazekiten amona oso ahul zegoela eta ezin zela kalera irten ere egin. Hala ere, denek sinetsi zuten muntaia. Amona errudun zela sinesteko argudio nagusiena, telebistak lapurra amona zela esan zuela izan zen... Gure jarreren inguruan pentsatzea beharrezkoa da. Arriskutsua deritzot telebistaren hitza eta egia sinonimotzat hartzeari.

Opioa. Herriarentzat droga latzena erlijioa zela adierazi zuen Marxek (ez Grouchok, XIX. mendeko Karlek baizik). Orduan jendartea kontrolatzeko misioa betetzen zuen Elizak, komunikabideei pasa die lekukoa azken mendean. Azken horiek dira egun doktrina igorleak, iritzi eta ideologia sortzaileak. Marx hemen balego, zer izendatuko luke herriaren opiotzat?

Itsasoan amuek bertikalki, goitik behera, zulatzen dute ur geruza; informazioaren ozeanoetan, aldiz, amuak horizontalki, pantaila barnetik kanpoaldera, jaurtitzen dira, errealitatea eta fikzioaren arteko muga oro zulatuz. Gu, masa sozial zabala, arrainak ginateke; pantaila handia, itsaso zabala; telebista kateak eta horien atzeko botereak, amuak prestatzen dituzten arrantzaleak eta itsasontzien jabeak, hurrenez hurren. Zein da azken horien helburua? Injustizian eta eskubide urraketan oinarrituriko sistema ankerraren biziraupena eta zuritzea. Boterearen medioen amu guztietan jausten jarraitzen dugu eta horren errua amuak abileziaz prestatzen dituzten horiena izateaz gain, errazegi hozka egiten dutenena ere bada. Gero eta buztanbeltz gutxiago eta lazun gehiago dagoela dirudi. Azken urteotan amuen gainetik, parean topatutako dena bereganatzen duten sare erraldoien erabilera nagusitzen ari dela ere kontuan izan behar da. Gero eta urriagoa da askatasuna amuek zulaturiko itsaso honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo