Zazpi Herrialdeetako Txapelketa
Nafarroa Garaia, berriro ere onena
Gipuzkoak bigarren postua eskuratu du, eta Lapurdik hirugarren lekuan amaitu du, gorakada nabarmena izanez.
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan, eta Nafarroa Garaiak irabazi du aurten ere Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Beraiek dira azken urte hauetako txapeldunak, beraiek ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, garaipena erdietsita. Gipuzkoak eta Lapurdik lagundu zieten podiumean, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren izan ostean.
Hamar kirol ezberdinetan neurtu ziren euskal zazpi herrialdeetako ordezkariak. Berez, kirol bakoitzean herrialde bakoitzeko txapeldunak izan behar dute, baina, iragar zitekeen moduan, batzuetan ez zen horrela izan. Herrialde batzuk, gainera, ez zituzten ordezkariak kirol guztietan plazaratu.
Nafarroa Garaia hiru probetan atera zen garaile. Lokotx biltzen Fernando Etxegarai izan zen onena, eta hor heldu zen gainera txapela jantziko zuen selekzioaren lehen garaipena. Bigarren Gipuzkoa sailkatu zen.
Geroago, ordea, beste bi lorpen ere heldu ziren gorrientzat. Trontzan Barberena anaiek lortu zuten garaipena, eta nafarrek beste zazpi puntu batu ahal izan zituzten. Atzetik, Gipuzkoa sailkatu zen, eta Zuberoa izan zen hirugarren; agian azken hori izan zen ezustea. Aizkoran heldu zen hirugarren garaipena, Donato Larretxeak lortu baitzuen lehen postua, Aitzol Atutxari aurre hartuz. Hirugarrena Gipuzkoako ordezkaria izan zen.
Lapurdik sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratu baldin bazuen ere, jokatutako hamar probetatik hirutan atera zen garaile; beraz, txapela jantzi zuen selekzioak adina garaipen erdietsi zituen. Aldiz, gainerako kiroletan lapurtarrak ez ziren horren erregularrak izan eta horrek bidali zituen hirugarren postura. Pierre Casusoi izan zen nagusi orga-jokoan, Bizkaiko ordezkaria izan zen bigarren, eta Zuberoakoa, berriz, hirugarren.
Lapurtarren bigarren garaipena zaku-lasterketan heldu zen. Hor Mendiburutarrek eta Lapitzek osatutako hirukoak eraman zuen garaipena. Atzetik, Nafarroa eta Gipuzkoa sailkatu ziren lehen hiru postuak osatzeko. Azkeneko garaipena sokatiran heldu zitzaien lapurtarrei; hor Ñapurrak taldea nagusitu zen. Ezpeletakoen atzetik Nafarroa eta Bizkaia sailkatu ziren.
Gipuzkoa izan zen sailkapen nagusian bigarren, jokatutako hamar probetatik bitan garaipena lortuta. Iragar zitekeen bi probetan gailendu ziren, gainera, gipuzkoarrak. Txingan, Juanjo Agirregabiriak lortu zuen garaipena. Bigarren Nafarroako ordezkaria sailkatu zen, eta Nafarroa Beherekoa, berriz, hirugarren geratu zen.
Gipuzkoarren bigarren garaipena harri-jasotze proban heldu zen. Aimar Irigoien zen faborito nagusia, eta errezildarrak ez zuen huts egin eta garaipena eskuratu zuen. Bigarren Unai Bertiz, Nafarroako ordezkaria, sailkatu zen. Hirugarrena, berriz, Arabako ordezkaria izan zen.
Bizkaia
Geratzen diren beste bi lehiak Bizkaiak eraman zituen. Hain zuzen ere, Lapazaran anaiak izan ziren irabazleak. Lasto-altxatzen Jon izan zen onena, Nafarroaren eta Arabaren aitzinetik. Joxe, berriz, ingudearekin izan zen nagusi. Bizkaiaren atzetik Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa sailkatu ziren.
Horiek horrela, zazpi herrialdeetatik, hiru, Zuberoa, Araba eta Nafarroa Beherea, garaipenik gabe geratu ziren. Hori bai, batzuen eta besteen aurpegiak oso ezberdinak ziren amaieran.
Guztira hamar proba izan ditu txapelketak. Nafarroa Garaiak eta Lapurdik hiruna garaipen eskuratu dituzte, eta bina, berriz, Gipuzkoak eta Bizkaiak.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Araba garaipen bakar bat gabe geratu dira, eta sailkapen nagusian ere azken hiru postuak lortu dituzte. Beren bilakaerak, ordea, oso ezberdinak izan dira.
Zazpi Herrialdeetako Txapelketak ondorio batzuk ere utzi ditu. Alde batetik, Lapurdiren gorakada nabarmena. Bosgarren postuan amaitzetik hirugarren izatera igo da, baina bigarren tokia ere gertu izan du. Beste gorakada Zuberoarena izan da; taldea osatu ezinik ibiltzetik bosgarren izatera pasa da.
Kontrako bidea Bizkaiak eta Arabak hartu dute. Bizkaitarrak txapelaren lehian ibiltzetik laugarren amaitzera pasa dira; hori bai, bigarren lekutik ere ez dira aparte geratu. Okerragoa izan da Arabarena, bigarren postuarengandik borrokan aritzetik azkenengo tokira pasa baitira. Gainera, une honetan etorkizun iluna dute. J.L.