«Ta ezer ez da berdin»
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Beste behin, egun beltza. Tragikoa. Dorre bi erori dira oraingoan ere. Gela elkarbanatzen zuten taldekideei buruz ari naiz. Igor Anton eta Egoi Martinez. Liderra eta berari laguntza eskaintzen lan ederra egiten ari zen taldekidea lurrean jira bueltaka ikusi ditugu. Bat-batean ohartu gara egun beltza zela beste behin irailaren 11.
Ez dut ezer esateko, ez dut ezer damutzeko; guk egin beharrekoa egin dugu eta itzulia ezin hobeto zihoan. Are gehiago, onena pentsatzen ere hasiak ginen! Asko falta da oraindik Madrileko Castellana pasealekuan biraka hasi aurretik, baina itzulia zelan generaman ikusita, baikor ginen, eta bertan maillot laranjak tropeletik tiraka eta tartean Igor gorriz jantzita ikustea amesten hasiak ere baginen!
Segundo gutxiren tartean, ordea, irribarretik negar malkoetara pasatu gara. Dena izatetik ezerezean geratzera. Lasterketa kontrolpean izatetik, nora ezean geratzera. Helburu bakarra genuen eta bera asfaltoan arrastaka ikusi dugu itzuli honetako azken txanparen hasieran. Maillot gorria errepidean urratzen hasi orduko, inguruan ginen laranja guztiok frenoa indarrez zapaldu eta zain geunden gure liderra noiz jaikiko. Baina, beste behin, zoritxarra izan dugu bidelagun, eta, ukalondoa hautsita, lasterketako gizonik indartsuenak lasterketaren aurkako noranzkoa hartu behar izan du Gurutzetako erietxerantz. Lasterketak, bizitzak berak bezala, aurrera darrai, eta, taldekideok, begiak malkoz bete xamar, helmugarantz jarraitu dugu. Baina Hertzainak taldeak bere kantuan esaten zuen bezala... «ezer ez da berdin».
Ez da ezer berdin izango Fuji gabe. Bere izaera bereziarekin eta bizitzen ari ginen egoerarekin, txirrindularitzaz gozatzen ari ginen itzuli honetan. Elkar hartuta zegoen talde osoa, bat egiten gintuen helburu argia genuen: maillot gorria Madrileraino eramatea. Orain, aldiz, berak eskaini dizkigun garaipen eder horien antzerakoren bat lortzen saiatu beharko dugu, baina, egia esan, kolpe handia jaso dugu eta ez da erraza izango egoerari buelta ematea Vuelta honetan!
Sarritan gogorra eta injustua izan arren, horrelakoa da bizitza! Egunen batean honen guztiaren buelta etorriko denaren esperantzara kondenaturik jarraitu beharko dugu. Denborak dena osatu eta bakoitza bere lekuan jartzen omen du. Beraz, zori txar honen ondorena etorriko delakoan egingo dugu aurrerabidea.
Bukatzeko, gorputz guztia mindurik lasterketa etxetik jarraitu beharko duten eta jadanik errekuperazio prozesuan dauden gure taldeko dorre handi biei, animo! Besarkada bana bidali nahi diet hemendik jada ebakuntza egin dioten Fujiri eta Egoiri. Izan ere, zuek gabe... ezer ez da berdin!