GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio kazetaria

Iraileko usainak esan dit

Iraileko lehenengo egunean hasi ohi ziren nire gurasoak lanean, gainontzeko irakasleekin batera. Egun haietan, amonarekin geratzen ginen etxean eta eskolarako zerrenda egiteko baliatzen nuen denbora; arkatza, borragoma, margoak, koadernoak, liburuak... eta tarteka, ama umore onez harrapatzen banuen-edo, motxila berria ere gaineratzen nuen listan.

Lagunekin goiz eta arratsalde osoak kalean pasatzeko egun aproposak ziren; jende gehiena lanean zegoen, eta zaharragoak iraileko azterketetan zebiltzan buru-belarri; gu kalearen jabeak ginen orduan. Amonari kendutako txanponekin goxoki dendatik buelta eginda, tripako minez iristen ginen askotan etxera. Aitzakia horrekin, berandura arte telebista aurrean geratzeko baimena ematen zidan amak; hurrengo egunean lo gehiago egin eta bide batez amonari bake pixka bat emateko. Bera besaulkian lo zegoen bitartean, ordea, garaiko filmekin «ikerketan» aritzeko baliatzen nuen denbora, ikusten ziren muxuak benetakoak ala gezurrezkoak ziren egiaztatzen, batez ere. Irailaren usainak kutsatutako momentuak ziren.

Irailak badu usain berezi bat, ikasturte berriaren lehenengo haizeteek zipriztindutakoa. Hogei urteren buruan, garai desberdinei lotutako usainak etorri zaizkit irailero, ikastolakoak, unibertsitate garaikoak, lanekoak... eta, azken bost urteetan, Zinemaldiari darizkionak.

Irailaren erdira iritsita, usainak gutxi astindu ditu nire zentzumenak, Zinemaldiak inoizko lehorterik handienari aurre egin behar diola pentsatzen ari naizelako akaso. 58. aldiari ekiteko bi egun besterik geratzen ez direnean, alfonbra gorriaren gainean ikusiko dugunarekiko mesfidantza sortu zait azken asteetan. Nabaria da aurreko edizioetan jotako haizeek eramandakoa aurtengoan ez dutela berriro ekarriko, eta glamourrarekin egin ohi ditugun hitz jokoak beste baterako uztea hobe izango dela. Antolatzaileak baikor agertu dira, nahiz eta guztien ahotan dabiltzan kontrako iritzi ugari. Iraileko usainak esandakoa gezurra izatea nahiko nuke, Julia Robertsek eta Richard Gerek «Pretty Woman»en elkarri emandako muxu haiek ez bezala, zinema, askotan, gezurrik egiazkoena bihurtzen baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo