GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Apaolaza Filosofian lizentziatua

Nor da euskalduna?

Euskaldun egiten gaituena sentimendua eta borondatea dira. Borondateaz eta sentimenduaz beste, ez dago naziotasunerako derrigorrezko, nahitaezko inongo baldintzarik

Ekainaren 6an egunkari honetan bertan argitaratu zidaten «Euskal identitatea: Eraikitzen delako `da'» artikuluaren osagarria da artikulu hau. Aipatu artikuluan euskal identitatea (naziotasuna) borondatea eta faktore objektibo dinamikoen (hizkuntza, kultura...) arteko elkar eragiteak sortutako eraikuntza zela nioen. Iritzi artikulu honetan, berriz, identitate hori eraikitzeko, euskalduna (euskal nazioko kide) izateko, zer elementu diren derrigorrezko argitzen saiatuko naiz.

Jarraian ariketa bat proposatzen dizuet; minutu bat hartu eta saiatu izenburuan dagoen galdera erantzuten. Ziur aski, erantzunak era askotarikoak izango dira. Nik, batek baino gehiagok pentsatutako eta paradigmatikotzat jotzen ditudan hiru erantzun posible aztertuko ditut; horien bitartez joera orokor bat kritikatzeko.

Lehenengoak, euskaldun egiten gaituena euskara dela esango digu, bigarrenak historiaren interpretazio batek egiten gaituela euskaldun eta hirugarren aukerak Euskal Herrian lan egin eta bizi dena euskalduna dela diosku.

Euskara dakiena euskalduna da. Ikuspegi soziolinguistikotik bistakoa da, besoa moztuta duena besamotza den moduan. Baina ikuskera honek naziotasunaren giltza hizkuntzarengan uzten du, euskara ez dakiena euskal naziotik kanpo utziz. Bigarren ikuskera konplikatuxeagoa da azaltzeko, baina alor diskurtsiboan askotan normaltzat ematen da. Esango diguna da historiaren interpretazio batean oinarrituz (oso legitimoa dena), euskalduna izateko hau edo bestea izan behar dugula. «Euskalduna izateko nafarra izan behar zara» edo «Euskalduna foruzalea da edo bestela ez da euskalduna». Azkeneko ikuskerak, berriz, Euskal Herrian lan eta bizi den oro euskal nazioko kide egiten du; beraz, guardia zibilak ere bai.

Nire ustez, hiru ikuskera hauek hankamotz gelditzen dira. Zergatik? Pertsonen borondate eta sentimenduak kontutan hartzen ez dituztelako; hau da, naziotasunerako baldintzak a priori jartzen direlako. Euskaldun sentitzen den bati inork ezin dio esan euskalduna ez denik euskara ez dakielako, edo nafar edo foruzale sentitzen ez delako, edo Euskal Herrian bizi ez denez bertan lan egiterik ez duelako.

Orduan, zer da euskaldun egiten gaituena? Noiz esan genezake norbait euskalduna dela? Euskaldun egiten gaituena sentimendua eta borondatea dira. Borondateaz eta sentimenduaz beste, ez dago naziotasunerako derrigorrezko, nahitaezko inongo baldintzarik. Hau da, denok gure identitate nazionala ez dugu elementu berdinekin eraikitzen eta ez diegu inportantzia bera ematen. Hala ere, badaude gehiengoak horrela dela onartzen dituen faktore oso indartsu batzuk, hizkuntzarena kasu.

Bukatzeko, naziotasuna gauzatzeko aldez aurretikako baldintzak jartzea abertzaletasunaren estrategietarako kaltegarria dela iruditzen zait. Jarraian hau azaltzen saiatuko naiz.

Nazionalismoa, nazio baten biziraupena bermatzeko programa politikoa bada, abertzaletasunak (euskal nazionalismoak), euskal nazioaren biziraupena bermatzea izango du xede. Bide horretan estrategia ezberdinak erabil ditzake estaturik gabeko nazionalismoak; aukera nagusiak federalismoa, autonomia eta estatu propio baten, independentziaren, hautua direlarik. Nazio bateko nazionalistek federalismo edo autonomiarekin beraien nazioaren biziraupena eta garapena ziurtatzen dela baderitzote, arraroa litzateke independentziarako hautua egitea. Hala ere, hau gertatzen den kasuak urriak dira munduan.

Gure kasuan, abertzale gehienek jada bat egiten dute autodeterminazio eskubidea bere baitan ez duen eta lurraldetasunari iskin egiten dion autonomiak euskaldunon etorkizuna segurtatzen ez duela esaterakoan (ezker abertzaleak orain 30 urte esan zuen bezala). Beraz, abertzaletasunaren gehiengo batek euskal estatu bat, independentzia, ikusten du nazioaren biziraupena bermatzeko bide bakar bezala. Horrela, 2010eko Euskal Herrian, euskal nazioko kide sentitzen dena, portzentaje handian independentista da. Honekin ez dut esan nahi euskalduna denak, independentista izan behar duenik ezinbestean, horrela egingo banu lehenago kritikatu dudana onartzen ariko bainintzateke. Iradoki nahi dudana da euskaldun sentitzen denetatik portzentaje altu bat independentista dela, besterik ez. Eta hau garrantzitsua da, kontutan hartzen badugu independentzia lortzeko oinarri-oinarrizko baldintza, jendarte konkretu bateko gehiengoa proposamen horren alde egotea dela.

Horrela, naziotasuna baldintza zurrun eta aprioristikoen bidez zedarritzeak euskal nazioko ateak ixten dizkio jende askori, eta, ondorioz, abertzaletasunaren gaur egungo estrategia nagusia den independentismoari ahalmena murrizten dio. Independentziaren alde egon gaitezke arrazoi linguistikoak, etikoak, historikoak, ekonomikoak, kirol arlokoak... dela eta, baita horien guztien nahasketa bategatik ere. Beraz, arrazoi guztiak dira legitimoak. Ezin dugu independentziarako potentzialtasuna garbikeriaren izenean edo aurrebaldintzak direla eta murriztu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo