SEGA
Euskal Herriko segalariek Alemanian maila eman nahi dute
Jon LEUNDA
Sega denboraldia amaitzear dago, eta euskaldunek azkeneko ekinaldia izango dute. Oraingo honetan Alemaniara arituko dira, bertan jokatuko den nazioarteko lehiaketan parte hartuko baitute.
Emakumezkoak eta gizonezkoak batuta, guztira 18 segalari joan dira Alemania aldera. Bertan nazioarteko eran jokatuko da, eta azkartasuna eta txukuntasuna uztartu beharko dituzte.
Parte hartzaileen artean, Alemaniako, Austriako eta Suitzako segalariak ere espero dituzte, eta tartean izango dira Mitxelenaren eta Goenagaren aurka apustua jokatu zutenak, Schmit eta Heinz. Badirudi gainera, biak ere faboritoen artean izango direla.
Euskaldunen artetik, Mitxelena han izango da; Goenaga ez, ordea. Oiartzuarrarekin batera, Gabirondo, Arregi, Garmendia, Altzo, Agirrezabala eta Pabi Astondoa izango dira, besteak beste, euskaldunak ordezkatzen. Emakumezkoetan Irati Astondoa eta Ixabel Antsa bakarrik izango dira.
Saioa, gaur hasiko da, 11.00etatik aurrera, eta bertan egun osoko lanak izango dira, maila eta sega ezberdinekin antolatu baitituzte probak. Euskaldunak sega txikiarekin arituko dira, bai taldeka, bai banaka, bai eta sega librean ere; hor banaka arituko dira.
Talde ona eraman dute, eta zerbait polita egiteko itxaropena zutela esan zuen Almitza elkarteko kide eta segalari Altzok: «Dezente aritu gara, eta uste dut talde polita ekarri dugula. Ongi ibiltzeko itxaropena ekarri dugu, eta saiatuko gara emaitza politak lortzen», esan zuen.
Baina horrelako lehiaketetan emaitzak garrantzitsuak baldin badira ere, ez dira garrantzitsuena: «Kirol esparruak garrantzia dauka, eta horretan ez dago dudarik, baina honelako lehiaketek gero harremanei eusteko balio dute, eta aldi berean datorren urteko lehiaketak eta egutegia zehaztu eta jakiteko ere bai».
Gaur segalarien lehiaketa amaituta, bihar herrialde bakoitzak bere kirolen erakustaldiak egingo ditu, eta euskal herritarrek aizkoran eta trontzan aritzeko asmoa ere eraman dute Alemania aldera.
Bihurri
Ernesto Ezpeleta Bihurri gaur Azkoitian izango da, 3,50 metro bueltan dituen pago enborra mozteko asmoarekin. Ekinaldia 19.00etan hasiko da, eta lan hori amaitu ostean, motozerrarekin ere irudiren bat egiteko asmoa badu.
Enbor handiekin marka dezente egin izan ditu aizkolari eibartarrak, baina gaurkoa ez du marka pertsonal bezala egingo, erakustaldi moduan baizik. Halere, tamaina horretako enbor bat mozteak badu bere garrantzia, ez baita batere lan makala, eta Azkoitira gerturatzen direnek horrekin gozatzeko aukera bikaina izango dute.