GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ika-miken gainetik, Porrontxo jaiek 30 urte eta inoiz baino biziago

Inoiz baino ozenago, eta sudurra harro jantzita, adierazi dute egiatarrek euren nahia: jaiak, herritik eta herriarentzat. Hilabete luzeak Udalarekin ika-mikan aritu ostean, iritsi dira egiatarren Porrontxo Jai maitatuak. Umorez, irudimenez, berrikuntzaz eta ospakizunez gainezka etorri dira jai herrikoi eta parte hartzaileak; izan ere, eskarmentua badute auzoan, dagoeneko hiru hamarkada joan baitira Porrontxo Egian barrena festa giroa zabaltzen hasi zenetik.

p018_f02_132x123.jpg

Oihana LLORENTE

Porrontxo jaiak lehertu eta bete betean harrapatu ditu egiatar haur, gazte eta helduak. Uda osoan Udalarekin izandako istiluak gainditu, eta urteko egun handiak ospatzen dihardute egiatarrek egunotan. Egitarau oparoa eta askotarikoa antolatu du Jai Batzordeak egun hauetarako, izan ere, aurtengo edizioa gogoangarria eta berezia da, Porrontxo jaiek hiru hamarkada betetzen dituzte-eta. Hogeita hamar urte joan dira Egian jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzen hasi zirenetik eta, udan argi azaldu duten moduan, auzotarrak ez daude jaiok galtzeko prest.

Porrontxo jaien inguruko gatazka maiatzean abiatu zen Udalak jaiak ospatzeko ezinbesteko diren azpiegituren baimena, oholtzarena eta txosnena esaterako, ukatu zituenean. Debeku horiek ez zituen Egiako jaien antolatzaileak geldiarazi eta, prestaketa lanetan atsedenik gabe aritu bitartean, hamaika protesta ekintza gauzatu dituzte jaiak ospatu ahal izateko irtenbidea bilatzearren.

Odon Elorza buru duen Udalaren jarrera setatiaren aurrean I+D+I formula berritzailea asmatu zuten egiatarrek; irudimena, dotorezia eta ironia baliatuta egindako nahasketa berezia. Formula umoretsu horren lekuko bilakatu zen Sudurgabeen mugimendua edota A-Totxako manifestua.

Irudimenari ateak ireki eta sudur inbasioa iritsi zen Gipuzkoako hiriburura. Donostiako hamaika estatua berpiztu eta Porrontxo jaien defendatzaile sutsu bilakatu ziren. Estatuen irudiez gainera, ehunka izan dira jai herrikoi hauen alde agertutako hezur-haragizko norbanakoak. Hilabeteotan ia mila herritarrek jantzi dute Porrontxoen aldeko sudurra eta atxikimendu gisa gainera, euren argazkia www. porrontxo-jaiak.com webgunera bidali dute.

Sudur uholdearen arrakasta agerikoa izan da, bai Egian bai Donostian, bai eta Bilbon ere; izan ere, bertako txupinerak eta makina bat konpartsakidek sudurra ipini eta Porrontxoei elkartasuna helarazi zieten. Donostiako Zinemaldian izango den aktoreetako batek ere, Julia Roberts-ek, bat egin du Porrontxo jaiekin, eta pailazo sudurra jarri du «I love Porrontxos» dioen kartelean.

Helburuak beteta

Sudur uholdeak helburua bete eta Jai Batzordeak eta Donostiako Udalak Porrontxoak egin ahal izateko akordioa erdietsi zuten azkenean. Espazioak eta ordutegiak izan dira akordioaren puntu nagusiak, Koadrilen Batzordeko Ekhiñe Atorrasagastik GARAri azaldutakoaren arabera.

Egunotan Tejeria kalera bertaratzen direnek ez dute bertan txosnarik topatuko, Plaza Haundi eta Plaza Berri bilakatu baitituzte egunotan jai gune. Batean txosnak eta bestean karpa eder bat izango dute zain bertaratzen diren festazaleek; aldaketa horiek ordea, ez ditu Udalak behartu, Jai Batzordeak «aldaketa eta berrikuntza» gisa jarri ditu martxan, Atorrasagastiren esanetan.

Berrikuntzak eta 30 urteko eskarmentua batuta abian dira Porrontxo jaiak. Ofizialki ostegunean abiatu ziren arren, astebete eman dute motorrak berotzen Egiako bizilagunek. Joan den larunbatean ekin zioten Kultur Asteari.

Egiako eskubaloi taldea omenduz eta jai herrikoien aldeko aldarria eginez abiatu zituzten Porrontxo jaiak ostegunean, Ezkila Donostiako kapitain pirata ezagunaren bisita eta guzti.

Une horretantxe lehertu zen jaia eta koadrilen igoeran Porrontxo eta Porrontxina izan ziren algara horren testigu. Irudimenak ez zuen kale egin.

Egiako Porrontxo jaien 30. urteurrena izanik, ekitaldi berriak aurki daitezke jai egitarauan. I. Sagardo Eguna, akelarrea edota koadrilen igoera dira horietako batzuk.

Gaurko eguna ekitaldiz beterik dator, eta batzuk oso goiztiar gainera, izan ere, 8.00etatik aurrera, Lagunak txaranga izango da festa zabaltzen. Gero etorriko dira zirku tailerra, Kiriki eta Kroki eta patata tortilla txapelketa.

Arratsaldean, kultur aniztasuna izango da nagusi karpan, auzoko artistek, Porrontxo jaiei babesa eta elkartasuna erakusteaz gainera, beraien ikuskizunak eskaini dituzte musutruk. Horrela, 18.00etatik aurrera, olerkiak, dantzak eta performanceak izango dira nonahi.

Egunotan festetara gerturatzeko gonbita egin du Jai Batzordeak, izan ere, argi dute jai herrikoi eta parte hartzaileek ez dutela bide erraza izango eta «inoiz baino indar handiagoz jai herrikoiekin bat egiteko deia egin dute Egiatik Euskal Herri osora.

tokia ETA ORDUA

Eztabaida ugariren ostean, akordioa erdietsi zuten Jai Batzordeak eta Udalak; jai eremuari eta ordutegiari eragiten dio akordio horrek.

sudur ezagunak

Porrontxo jaien alde agertu direnen artean Mikel Aranburu eta Eñaut Zubikarai Realeko jokalariak, Txan Magoa, El Drogas Barricadako abeslaria eta Doctor Deseoko kideak daude.

auzoko artIstak Jai herrikoei babesa eta elkartasuna erakusteaz gain, beraien ikuskizunak eskaini dituzte auzoko artistek; kaleko festa beraien esparrua ere badelako eta hura defendatzeko.

Berrikuntzak

Porrontxoen 30. urteurrenarekin batera hainbat berrikuntza iritsi dira Egiara, karpa, sagardo eguna, koadrilen igoera eta akelarrea dira horietako esanguratsuenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo