Floren Aoiz www.elomendia.com
Eta orain, zer?
Ziklo batean sartzen bagara, eredu batzuk egokitu beharko dira. Errepresioaren aurreko jarrerak birpentsatu eta birdiseinatu beharko dira, baina ez era defentsiboan, ez atzera eginez. Gaur ongi dagoena akats larria izan daiteke bihar
ETAk urrats bat egin du. Beste pauso batzuk ere emanak dituzte beste hainbat eragilek. Zalantza bat izan zezakeen norbaitek, hau da, zer eginen zuen espainiar Gobernuak egoera berriaren aurrean. Dagoeneko argi dago: abian dagoen egitasmoa oztopatzeko asmoa dute. Beste agertoki baten beldur dira, eragina galduko dutelakoan. Adierazi-k deitutako manifestazioarekin eta azken atxilotuekin ikusi dugu errepresioa areagotzen ari dela. Tentsioa jaisten du alde batek, igo egiten du besteak.
Kontua ez da hau aurreikusten ahal zen ala ez. Batzuok uste genuen hau edo antzeko zerbait gertatuko zela, idatzi ere egin genuen. Tamalez, asmatu genuen. Baina hori ez da afera. Erronka honen aurrean segitu beharreko bidean datza. Zein da onena? Hori da, nire ustez, galdera nagusia.
Ongi egin zuten larunbateko manifestazioaren deitzaileek. Deialdia mantentzea ez zen aukerarik onena. Mobilizazio erraldoia espero zen eta oinarrizko baldintzarik gabe askoz ere jende gutxiago agertuko zen, gustatu ala ez. Gainera, istiluen irudia bilatzen zuten, ondotik justifikatzeko aurretik erabakia zutena. Bestela esateko, la profecía autocumplida: manifestazioa debekatu genuen istiluak egonen zirela bagenekielako, eta honatx froga! Badakit batzuek deialdia mantendu behar zela uste zutela. Arrazoi batzuk badituzte, baina esan bezala, hori ez zen, ene uste apalean, biderik onena.
Mahaigaineratu nahi dudan hausnarketa geroari lotu nahi diot, alta. Ados, joan den larunbatean deialdia bertan behera uztea hauturik onuragarriena zen, baina, beti izanen da horrela? Hau da, beti atzeratu edo baztertu behar dira deialdiak espainiar legeekin topo eginez gero?
Ez dut uste. Kontua ez da estatuekiko talka bilatzea, baizik eta lurra zapaltzea. Gaur egun espainiar Gobernuaren jarduera ez da konponketaren aldekoa, konfrontazioarena baizik. Akordioak bilatzea ona da, baina gaur egun aurre egin behar zaie, hain zuzen, bihar bestelako egoerak ahalbidetzeko. Talka dugu begien aurrean eta talkari eutsi behar zaio. Patxadaz, norabidea galdu gabe, probokazioetan erori gabe, baina beldur edo konplexurik gabe.
Konfrontazio demokratikoaz eta desobedientzia zibilaz hitz egiten da inoiz baino gehiago Euskal Herrian. Beharbada ideia hauek zehazteko unea iritsi zaigu denoi. Gure erritmoan, ez beste batzuen inposaketen arabera, baina noizbait jakin beharko dute asko garela, indarrak biltzeko gai garela eta prest gaudela konfrontazio demokratikoa aurrera eramateko, nahiz eta salneurria garestia izan.
Ziklo batean sartzen bagara, eredu batzuk egokitu beharko dira. Errepresioaren aurreko jarrerak birpentsatu eta birdiseinatu beharko dira, baina ez era defentsiboan, ez atzera eginez. Gaur ongi dagoena akats larria izan daiteke bihar. Aldaketa handiak garatu beharko dira hau gauzatu ahal izateko. Mentalitate aldaketak, joera aldaketak, mezu aldaketak. Espainiar nazionalismoaren erasoaren aurrean, euskal jendarteak irmotasuna espero du.
Baina, batez ere, estatuaren amua baztertu behar dugu. ETAren jarduera armaturik gabe ere, maila polizial-errepresiboan ito nahi gaituzte. Segurtasun eta ordena publikoaren esparruan mugatu nahi dute Euskal Herrian gertatzen ari dena.