GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Software Librearen Eguna

Gaur, Software Librearen Nazioarteko Eguna, Esnaolaren iritziz, besteak beste, askatasun teknologikoaren, elkartasunaren eta tokian-tokiko errealitatera egokitzen den softwarearen eguna da. Horregatik, euskararen teknologien eguna ere bada. Ospatzeko moduko eguna. Galdera bat dakar autoreak artikulu honetara: «Software Librerik erabili gabe, libreki aukeratzen dugu zein teknologia erabili?», baita haren erantzuna erraztuko duten elementuak ere. Eta, azkenik, proposamen bat.

Gaur Software Librearen Nazioarteko Eguna da. teknologia libreen eguna. Askatasun teknologikoarena. Elkartasunarena. Auzolan teknologikoarena: komunitatearena. Tokian tokiko errealitatera egokitzen den softwarearen eguna. Euskararen teknologien eguna. Irekitasunarena. Errespetuarena. Berdintasun teknologikoaren eguna. Badugu, beraz, zer ospatu: software libreak, esan gabe doa, libreago egiten baikaitu. Baina, era berean, badugu zer pentsatu ere: zergatik sentitzen gara teknologikoki libre, software librerik erabili gabe? Libreak gara benetan? Libreki aukeratzen dugu zein teknologia erabili? Kasuren batean, behartzen gaituzte teknologia mota konkretu bat erabiltzera? Nork sortu ditu gure egungo behar teknologikoak? Nola funtzionatzen dugu teknologikoki? Libreki, aske? Eta, hortaz, batzuek, zergatik defendatzen eta sustatzen dugu, han eta hemen, hain sutsuki, software librearen erabilera?

Software librea software askea da. Erabiltzaile eta garatzaileen askatasuna du abiapuntu eta helburu. Eta software librearen filosofiaren oinarri diren lau askatasunak dira, hain zuzen, printzipio eta balio horien lekuko: 1) programak erabiltzeko askatasuna; 2) programak aztertu, aldatu eta egokitzeko askatasuna; 3) programak kopiatzeko askatasuna; eta 4) programak hobetu eta berriz banatu edota komertzializatzeko askatasuna. Lau askatasun horiek ezinbestekoak dira softwarearekin harreman libre bat garatu eta mantentzeko, izan erabiltzaile edota izan garatzaile. Software librea da, hortaz, jarrera teknologiko askeak ahalbidetzen dituen teknologia mota bakarra. Teknologiatik harago, filosofia ere bai baita, software librea.

Eta askatasun hori da gure aukeratzeko askatasuna bermatzen duena. Alegia, software librerik gabe, zeintzuk dira aukerak? Aukeratzen al dugu? Edota software librearen existentzia bera da aukera ezberdinen atmosfera teknologikoa sortzen duena? Eta errealitate teknologikoan aukera ezberdinak baditugu, zergatik aukeratu beharko genuke software librea?

Software librea tokian tokiko errealitate politiko, ekonomiko, kultural eta sozialera egokitzen da. Bere garapen eta banaketa prozesuen ezaugarri nagusia irekitasuna baita, eta irekitasun hori malgutasunari eskutik helduta dator. Malgutasuna bere esanahirik zabalenean. Malgutasuna aplikazio-eremu guztietan. Malgutasun horrekin soilik errespetatzen baitira gure eskubide teknologikoak. Malgutasun horrekin soilik lor baitaiteke berdintasun teknologikoa, maila pertsonal nahiz kolektiboan.

Kontrakoa entzuten dugun arren, software librea berrikuntza teknologikoaren motorra da. Eragile aktibo eta dinamikoa, berrikuntza teknologikoaren azelerazioa bultzatzen duelako. Zergatik? Bada irekitasun horrek, besteek egin dutena ikusi, aztertu, hartu, aldatu eta gure beharretara egokitzea ahalbidetzen duelako. Alegia, ez dagoelako zertan ezer hutsetik abiatu. Ezagutza partekatu egiten da. Eginda dagoena ez da berriz asmatu behar. Eta egina dagoena abiapuntutzat hartzeak eta guk garatutakoa besteei irekitzeak azeleratzen duelako, hain zuzen, softwarearen garapenean ematen den berrikuntza. Librea izan gabe, nola azeleratu berrikuntza?

Eta gure beharretara egokitzen denez, gure errealitate propioa errespetatu eta sustatzen duenez, software librearen aldeko apustu estrategiko batek gure industria teknologiko lokalaren indartzea ekarriko luke. Behar ditugun tresnak hemen eta orain garatu daitezkeelako, han edo hemen aurrez garatu direnetatik abiatuta. Eta horrek, era berean, ezagutza-sare lokala sendotuko luke. Software librean adituak diren pertsona kualifikatu gehiago izango genituzkeelako gure artean. Eta, era berean, software librearekin jendarte zabalaren alfabetizazio teknologikoa ere bultzatzen delako. Herritarren beharretara egokitzen den teknologia jendarteratzeko bide eraginkorrena delako, hain zuzen, software librea.

Eta askatasun horrek, finean eta urratsez urrats, independentzia teknologikora garamatza. Loturarik gabeko garapenera. Software librearen irekitasunak inorekiko menpekoa ez izatea bermatzen duelako. Edozeinek ikus, alda eta hobe dezakeelako aurrez egina dagoena. Ez enpresa edo erakunde konkretu batek soilik. Beste enpresa eta erakundeetara eta erabiltzaile eta garatzaileen komunitatera ere irekitzen delako. Garapena kolektiboa delako. Komunitatea software librearen zutabe garrantzitsuenetakoa delako, ezinbestekoa izatetik harago. Software libreak, maila indibidual eta kolektiboan, askatasunera garamatzalako.

Horrexegatik diogu software librea euskararen teknologia dela. Software librea tokian tokiko hizkuntzetara ere egokitzen delako. Bere irekitasunak lokalizazioa errazten eta bermatzen duelako. Eremu urriko hizkuntzen teknologia delako, software librea. Hizkuntza-aniztasuna babestu eta sustatzen duelako. Eta euskaldunok ere hizkuntza-aniztasunerako teknologiak garatu behar ditugulako. Beste herri eta kulturekiko elkartasunean oinarritzen den softwarea sortu behar dugulako. Software librearen eremuan euskara existitzen delako eta existituko delako euskaldunok hala nahi dugun bitartean. Software libreak, beraz, euskarazko tresnen garapen librerako printzipio eta metodo teknikoak definitzen ditu. Eta aukera bat eskaintzen digu, libreki nahi duguna euskaratu dezagun.

Eta hori behar du euskararen herriak: euskarazko tresnen garapenak eta erabiltzaile euskaldunen komunitateak euren erritmo propioa dutelako. Eta software librea tokian tokiko erritmoetara ere egokitzen da. Finean, garapena gure esku uzten du. Software librearen eremuan, euskara guk nahi duguna izan daiteke. Euskara gainontzeko hizkuntzen mailan dago. Software libreak euskara lehen mailako hizkuntza bilakatzen baitu (eta, oraindik ere, euskaldunen artean, zenbat ordenagailuk hitz egiten dute erdaraz? Eta zergatik?).

Beraz, software edo programen eremuan, software librea askatasun dosi bat da. Are gehiago, askatasun orbita bat da: non gure erritmoa zehazteko askatasuna dugun; non, kanpoko injerentziarik gabe, zer euskaratu nahi dugun erabaki dezakegun; non zer tresna berri garatu behar ditugun aukera dezakegun; eta non gure garapen teknologikoaren jabe izan gaitezkeen.

Eta hori guztia modu artikulatu eta koordinatuan egiteko, gaur, Software Librearen Nazioarteko Eguna den honetan, Euskal Herriko Software Librearen Behatokia sortzeko beharra mahaigaineratu nahi nuke. Eragile ezberdinak bere baitan bilduko dituena; software librearen eremuan ditugun lehentasunak definituko dituena. Funtsean, orain arteko lan guztia bildu eta aurrera begirako erabaki taktiko eta estrategikoak modu kolektiboan garatzea bermatuko duen behatokia. Euskarari so egongo den begi teknologiko libre bat: apustu estrategiko erreal bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo