GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan

Kirmen Uriberi irakurria diot. Koldo Izagirrek dioenez, itsas-portu batean sortua den orok olerkari izateko bide erdia eginda du. Horren haritik, Kirmen Uribek ondorioztatzen zuen lanari ekiteko, poesia idazteko, itsasoa eta fantasia baizik ez direla behar. Baina Nafarroan, itsasorik ezean, olerkari izateak, berez, zailagoa behar du izan. Itsaso falta ez da, gainera, Nafarroan olerkigintzaren zabalkundea eragozten duen baldintza bakarra.

Aspaldiku-ren azpian gordetzen da: Asociación para la Difusión de la Cultura, poeta euskaldunak eta erdaldunak biltzen dituen elkarte xume bat; baina, bere xumean, urtero Nafar Poesiaren Biltzarra antolatzen duena eta, aldian behin, baita poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak ere. Oso diru-laguntza urrirekin, urtez urte antolatu den Nafar Poesiaren biltzarretan izan dira, besteak beste, Jesus Munarriz eta Auxtin Zamora, Luzien Etxehezarreta eta Maram al-Masri, Angel Erro eta Jose Luis Alvarez, Miren Agur Meabe eta Ana Rosetti.

Heldu den larunbatean, hilaren 25ean, Burlatako kultur etxean dugu hitzordua Nafar Poesiaren aurtengo biltzarra ospatzeko, eta bertan Tere Irastorza izanen dugu euskal olerkari gonbidatua eta Manuel Vilas erdal olerkari gonbidatua. Goizean, hasierako hitzaldiak eta gero, bi tailer ere eginen dira: euskarazkoa, «Sorkuntza literarioa auzolanean», Tere Irastorzaren beraren eskutik. Zinez interesgarria. Bazkari legea egin eta gero, 16.30etik aitzina, errezitaldia izanen da Burlatako Udal Jauregian eta zabalik egonen da parte hartu nahi duen poeta ororentzat. Aurtengoan, tamalez jadanik gurekin ez dauden bi lagun, Joxemiel Bidador eta Karmele Igartua, izanen ditugu bereziki gogoan.

Kirmen Uriberekin hasi eta berarekin bukatu nahi dut idazki hau. Idazle ondarroarrak biltzen du «Portukoplak» izeneko liburuan Eugenio Andrade poeta portugaldarraren aipu bat «Oinatzak hondarrean» epigrafe pean: «Poesiak maite du udako hondartzetatik paseatzea». Nafarroako ur prosaiko beltzetan, urtean behin gutxienez biltzen gara Nafar Poesiaren Biltzarra izeneko hondartzan. Datorren larunbatean, Burlatako hondartzan izanen gara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo