GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Uda giroan hasi zena...

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Konturatu orduko Vueltako 19. etapa heldu da, eta itzuliaren azken egunetara iritsi gara. Dagoeneko ia ahaztua dugu Sevillako taldekako erlojupekoa, eta 3.000 kilometrotik gora egin ondoren, indarrak justu-justu daudenean, tropeleko txirrindulari gehienak etxera itzultzeko irrikitan egongo direlakoan nago.

Lasterketako lider aldaketa ugari izan ditugu, eta oraindik ez dakigu nor igoko den podiumeko goreneko koskara, ezta nortzuk izango dituen lagun ondoko mailetan ere. Hori jakiteko erabakiorrak izango dira azken etapa hau eta, nola ez, Bola del Mundoko maldak. Bizikleta gainean doazen zaldunek bereak eta bi ikusi beharko dituzte itzuliko azken txanpa honetan!

Itzulian zehar nahiko eguraldi ona izan du tropelak. Eta ziur, bide bazterretan, edota etxeko sofatik lasterketa jarraitu duten zaleek ere eskertu dutela eguraldia lagun izatea. Baina atzean utzi behar izan ditugu Sevillan 40ºtik gora egindako lehen etapak, baita galtza motz eta txankletak ere. Poliki-poliki, eguraldia tristatzen hasi da, udari agur esan eta udazkenari ongietorria egiteko momentua iritsi dela erakusten digu horrek.

Uda sasoian hondartza eta oporrak ziren nagusi; udazkeneneko lehen egunek, berriz, euri kontuak, onddoak eta bestelakoak ekartzen dizkigute. Euskal Herrian hain maite dugun zaletasunari ekiteko, alegia, perretxikotara joateko, negurako arropak armairutik ateratzea dakar.

Neguko arropei buruz, askok antzemango zenuten kontu xelebre bati buruzko gauza bat aipatu nahi dut. Lehen egunetan, jesukristoren beroa egiten zuela, egunkaria zabaldu eta GARAko lagunek jarri zidaten argazkian neure burua lumazko txamarrarekin ikusten nuenean, are eta bero handiagoa sentitzen nuen.

Hiru aste geroago, aldiz, eguraldia horrenbeste aldatu denez, argazkian ikusten dudan txamarraren bila noa ganbarara, zeren uda giroan hasi genuen abentura hau, udazkeneko freskura eta euri langarrarekin bukatuko den itxura hartzen ari da.

Hurren arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo