GARA > Idatzia > Kultura

«Camera Obscura», ikusi ezin duenaren ikuspuntua jaso nahi duen pelikula

Sopelan, Urdaibain eta Muskizen ezohiko mugimendua antzeman dute azken asteotan. Izan ere, Maru Solores zinemagile donostiarraren «Camera Obscura» filmatzen ari dira, «ikusi ezin duenaren begiradan barneratzeko ahalegina egiten duen film ausarta».

p050_f01.jpg

Julene LARRAÑAGA

Nerabezaroa gai nagusitzat duen familia giroko drama bat kontatzea ez da gauza berria, begiratu batean behintzat. Baina kontua zeharo aldatzen da protagonista itsua denean. Izan ere, nola ikusten du mundua itsu batek? Nola adierazi gertaerak gabezi hori duen pertsonaren ikuspuntutik? Erronka ausart horri aurre egin nahi izan dio Maru Solores zinema zuzendari donostiarrak «Camera Obscura» filmean.

Pelikulak Aneren istorioa kontatzen du. Anek 13 urte ditu eta itsua da. Operazio batetik atera berria da baina, tamalez, ez dirudi azkena izango denik. Arazoak sortu dira ebakuntzaren inguruan eta begiak estalita mantendu behar ditu hobera egin arte. Uda garaia da eta Luisak eta Koldok, Aneren gurasoek, kostako herrixka batera jo dute alabarekin batera, Ane itsu utzi zuen istripua ahaztu nahian. Giro ezkor hori haustera dator Antonio, Koldoren lehengusua. Atzerrian urte mordoa igaro ondoren, herrira bueltatu den argazkilari entzutetsua da Antonio, eta erakusketa bat jarri nahi du herrian. Gainontzeko nerabeengandik banatuta eta etengabe estutzen duten gurasoez aspertuta, apurka-apurka Antonioren eta honen argazkietara gerturatzen hasiko da neskatoa. Bere argazkiak «ikusi» nahiko ditu, eta argazkilaritzarekiko pasioa jaioko da beregan. Bien arteko harremana sendotzen doan heinean, sentimenduak ere nahasiago bihurtuko dira, izan ere, Antoniorekin maitemintzen ari dela sentitzen hasiko da protagonista. Nagusien munduaz nazkaturik, Anek bere bide propioa aurkitu beharko du, bai nerabe gisa, baita itsu izate horretatik ere.

Itsuaren begirada

Maru Solores zinema zuzendariak hainbat film labur egin ditu, baina honako hau da bere lehen film luzea. Berlinen bizi zela otu zitzaion istorio hau filmatzea. «Kanpoan nengoela beti izan nuen Euskal Herrira itzuli eta gertukoagoak sentitzen nituen istorioak kontatzeko gogoa». «Camera Obscura» oso istorio pertsonala da. Egilearen hitzetan «istorioa bera baino, istorioa kontatzeko modua da garrantzitsuena: Ikusi ezin duenaren ikuspuntua helarazi nahi diot ikusleari». Ane eta bere itsutasuna aukeratu ditut gauzak beste modu batera ikusten ikasteko, ezer ikusten ez denean zer ikusten den imajinatzeko. Finean, berriz ikusten hasteko».

Izan ere, Ane da istorio honetan begirada guztien jomuga, bera da erdigunea. Bere pausoen atzetik doa kamera, eta berarekin batera deskubrituko dugu mundua, bere mundua. Eta Aneren mundu horretan, ikusmenak baino gainerako zentzumenek dute lehentasuna. Era horretan, kamerak irudiei baino usainei, sentsazioei, eta bereziki, soinuei erreparatuko die. «Zineman oso ohikoa ez den bidea jarraitzen du film honek», dio Soloresek. «Soinuetatik abiatu, irudira heltzeko.»

Jacqueline Duarte (Ponferrada, Galiza, 1997) da Aneren azalean ageri den neskatoa. Duarte bera ere itsua da, eta espainiar Estatuan zehar hainbat casting egin ondoren aukeratu zuten filmeko protagonistaren papera bete zezan. «Protagonistaren aukeraketan bete-betean asmatu dugu», dio Soloresek. «Oso zaila da itsu baten azalean jartzea, ikusmen osoa duen aktore batentzat oso konplikatua litzateke sinesgarria izatea». 13 urteko neska koskorra izanagatik ere, Jacqueline ezin hobeto ari da lanean, zinemarako egiten duen bere lehen lana bada ere. Berarekin batera aktore lanetan dihardute Leire Berrocalek (Luisa, ama itogarriaren azalean), Joxean Bengoetxeak (Koldo, alabaren itsutasuna irtenbiderik gabeko arazoa dela sinestuta dagoen aitaren paperean), eta Victor Clavijo (Antonio, Aneren eguneroko grisari haize freskoa ekarriko dion argazkilariaren larruan).

Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren produkzioa da «Camera Obscura». Lan taldea jo ta ke ari da lanean. Abuztuaren 23an ekin zioten filmatzeari eta gauzak ondo bidean, urriaren 2a izango da filmazioaren azken eguna. Asteotan Urdaibai, Muskiz eta Sopelako hainbat txokotan aritu dira. Muskizko Lavalle jauregian prentsaurrekoa eskaini zuten atzo zuzendari, produktore eta aktore nagusiek. Carlos Juarez produktore exekutiboaren hitzetan, «oraindik goiz da ezer aurreratzeko, baina datorren urteko udaberrirako zinema-aretoetan ikusi nahi genuke inor epel utziko ez duen pelikula hau».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo