GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Mendekuaren kiribila elikatu eta Pakistan are bideraezinago egingo duen ekintza, Londresen

Imram Farooq, Muttahida Qaumi mugimenduaren (MQM ingelesez) sortzaile eta Pakistango legebiltzarkide ohia, labankadaz josita eta larriki jipoituta hil zuten atzo Londresen. Urteak zeramatzan erbesteraturik, baina bere itzala luzea zen. Pakistango hiri handiena, hiriburu komertziala eta aberastasunaren erdia sortzen duen hiria, Karatxi, bere mugimenduaren kontrolpean dago. Egileak nortzuk diren jakin ez arren, begi-bistakoa da zioa politikoa dela eta haren etsaiek egin dutela. Urdu hizkuntzako mohajir (etorkinak) komunitatea (Indiako inperioaren banaketaren ondoren etorritakoak) ordezkatzen du MQMk, elite politiko eta ekonomikoa bilakaturikoa, eta komunitate paxtuarekin etsaituta dago. Karatxi talibanen atzeguardia ez bilakatzeko aitzakiarekin, ildo zorrotz eta odoltsua darama, Pakistango koalizio Gobernuko bere kideen sostenguarekin. Talibanak, Pakistango zerbitzu sekretuak, mugimenduko barne-etsaiak... zaila da asmatzea nork egin duen ekintza. Nolanahi ere, Pakistango zilbor-hestean, Karatxin, mendekuaren kiribila handituko dela ziurra da, jada hondamendi naturalek eta gerra amaiezinek aski kolpatua duten herrialdea bideragarritasunik gabeko estatuen amildegira areago gerturatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo